Emakume arkitektoek hainbat desoreka eta arrakala pairatzen dituzte beren jardunbidearen ia esparru guztietan: irakaskuntza eta ikerketa espazioetan, lanbidearen jardun askean, lidergo postuetan eta, batez ere, beren ekarpenek izan ohi duten aitorpen sozialean. Verónica Benedet arkitektoak ikerketa batean jaso ditu arrakala horiek guztiak, eta Emakundek diruz lagundu du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa lanei emandako beka deialdiaren barruan. Gaur aurkeztu dute, Emakumearen Euskal Erakundeak Gasteizen duen egoitzan.
Benedeten arabera, «gizonezkoen lehia-eredua» gailentzen ari da arkitekturan, «boterea eta autoritatea gehiegi balioesten baitira». Eskema horren barruan, emakume arkitektoek bazterketa pairatzen dute, eta sektorean balorazio urriagoa duten esparruetara mugatuta ikusten dute beren burua, «gizonezkoen kualifikazio bera edo handiagoa izan arren». Honako desberdintasun eta arrakalak nabarmendu ditu adituak: «Gizartearen aitorpenik eza, gizon arkitektoek egiten duten gauza bera lortzeko egin behar duten ahalegin bikoitza, sexismoa eta mikromatxismoak, eremu jakin batzuetan parte hartzeko zailtasunak, soldata arrakala eta lan prekarietatea, kontziliazioa eta amatasuna zigor gisara, eta abar». Azterketa egiteko, hainbat elkarrizketa egin ditu Benedetek, eta testigantza horiek erakusten dutenez, egoera horiek «ohikoak» dira lanbidean, gaur egun ere. «Elkarrizketatutako arkitektoen bizi esperientziek agerian utzi dute, halaber, lanbidearen zenbait esparrutan baztertuta daudela, emakume izateagatik».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, arkitektura aitortuaren zatirik handiena gizonezkoek egin dutela azpimarratu du ikerlariak: «Ia ez dago erreferente femeninorik, oso gutxi dira; horrek ez du esan nahi emakumeek diseinuan eta arkitekturan subjektu aktibo gisa parte hartu ez dutenik. Kontrara: emakume arkitektoak asko dira, baina, tamalez, haien ekarpenak ikusezinak, isilduak, ezkutatuak, baztertuak edo zigortuak izan dira kultura patriarkal honen ondorioz».
Are: 1990eko hamarkadaren amaieratik, Euskal Herriko arkitektura ikasketetan gehiengo zabala dira emakumezko ikasleak eta, hala ere, ikasgeletako feminizazioa ez da lanbidearen hurrengo faseetan islatzen.
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak gaineratu duenez, «emakume arkitektoak ikusgai jartzeak ez du soilik balio beren lana aitortzeko, neska gazteek esparru horretan erreferente ikusgarriak izatea ere badakar, eta emakume arkitektoek beren garapen profesionalean dituzten egiturazko zailtasunak mahai gainean jartzea ere badakar». Emakumeei «zuzenean» eragiten dieten arazoen artean aipatu ditu «soldata arrakala, kristalezko sabaiak eta lana eta familia bateragarri egitea» , eta nabarmendu du, kasu askotan, profesional horien jarduera «gizonekin berdintasunean garatzea eragozten die». Egoerari buelta emate aldera, Landaidak ezinbestekotzat jo du arkitekturan «genero ikuspegia txertatzea».