ABADIÑOKO HILKETAK

Emakunde: "Gizarte osoaren inplikazioarekin bakarrik lortuko da berdintasuna"

Emakumeen Mundu Martxak mobilizatzera deitu du biharko herri eta hiriburuetan. Eusko Legebiltzarrak eta EH Bilduk Abadiñoko hilketak gaitzetsi dituzte. Aurten Euskal Herrian bost emakume hil dituzte Mundu Martxaren arabera.

Bi emakumeren hilketa salatzeko elkarretaratzea, atzo, Abadiñoko Udalak deituta. MARISOL RAMIREZ, ARP
2014ko abenduaren 11
07:32
Entzun

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak "gaitzespen osoa" adierazi die Abadiñon izandako "erailketa sexistei". Salatuz duenez, "emakumeen aurkako indarkeriak ez du etenik", eta horren aurka "amorrua, nekea eta haserrea" agertu du. Horregatik, elkarretaratzera deitu du biharko, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan. Matienako Traña plazatik 19:00etan irtengo den manifestazioan parte hartzeko dei berezia egin dute.

Horrez gain, kasuari eman zaion "trataera publiko eta mediatikoa" kritikatu du Mundu Martxak. Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak genero indarkeria kasu bat izatea "oso arraroa" litzatekela esan izana salatu du: "Tamalez, ez da hain arraroa, eta, berriz ere, ardura publikoa duten horiei prudentziaz jokatzeko ardura exijitzen diegu". Hilda agertutako bi emakumeen senar eta suhiak aitortu du berak hil dituela.

Mundu Martxaren arabera, Euskal Herrian bost emakume hil dituzte aurten. Asturiasen Basauriko gizon batek bi alaba hil izana eta "egunero" gertatzen diren bortxaketa eta erasoak gogoratu ditu.

Erakunde eta alderdien gaitzespena

Minutuko isilunea egin dute goizean Eusko Legebiltzarrean, Abadiñon izandako bi hilketak gaitzesteko. "Ustez emakumeen kontrako indarkeria kasu bat" izan dena salatu dute Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak irakurritako oharrean. "Uste dugu indarkeria sexista gizon eta emakumeen desberdintasunen adierazpen larriena dela".

Hildako bi emakumeen senide eta gertukoei babesa adierazi diete, eta erakundeei indarkeria matxistaren aurkako "plan integralak" garatzeko deia egin diete. Horrekin batera, herritarrei "konpromiso pertsonal eta kolektiboak" hartzeko eskatu diete, berdintasunaren alde. "Helburua da emakumeen kontrako arazorik ez gertatzea berriro ere, eta are gutxiago Mari Luz eta Ameliaren erailketa bezalakoak".

Ildo beretik, Emakundek ere hilketak salatu ditu, eta gogoratu du emakumeen aurkako indarkeria dela gaur egun emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren "adierazgarri latz eta gogorrena". Horregatik, biharko Abadiñon deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du: "Gizarte guztiak du erantzukizuna emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan". Izaskun Landaida zuzendaria han egongo da.

EH Bilduren iritziz, "indarkeria matxista lehen mailako arazoa" da, arazo "kolektiboa", eta, beraz, "guztion ardura" da horri aurre egitea. Koalizioak hainbat proposamen aurkeztu ditu, Bilbon egindako agerraldian. Besteak beste, prebentziorako neurriak handitzea, hezkuntzan "lerro propioa" lantzea, medioetarako protokolo bat adostea eta erakunde mailako protokoloa berrikustea proposatu du.

Gaur, Inyectametal enpresako 150 langile inguruk elkarretaratzea egin dute, haien lankide izandako Mari Luz Alejo gogoratu eta gertatutakoa salatzeko. Bost minutuko isilunea egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.