Emakundek 2011ko txostenean dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontraturik gabeko langileen artean %90 emakumeak direla. Ondorioz, ohartarazi du lan munduan gizon eta emakumeen artean oraindik ez dagoela berdintasunik. Duela bi urte, esate baterako, 16.400 emakume ari ziren lanean kontraturik barik. Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak aurkeztu du iazko txostena, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Aldikako kontratuak dituztenen artean ere emakumeak dira gehiengo, alde handiz: %82,3. Soldatetan ere oraindik berdintasunik ez dagoela salatu du Emakundek.
Silvestrek esan du Espainiako lan erreformak kalte egingo diela emakumeei. Kasu, esan du haurra zaintzeko lanaldi murriztua duten andre batzuk arazoak izaten ari direla lana eta familia uztartzeko.
Langileen artean oraindik gizonezkoak dira gehiengo, baina aldea murrizten ari da, Emakunderen arabera.
Txostenak dio emakumeak segitzen duela etxeko lanei ordu gehiago eskaitzen, eta Emakundek ondorioztatu du horrek lan munduan aukerak murrizten dizkiela.