Emakundek ez du ontzat jo bizkartzainen eskaintza

Mehatxatutako emakume guztiei bizkartzainik ezin zaiela jarri adierazi du Maria Silvestrek

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Genero indarkeriaren ondorioz mehatxupean bizi diren emakume guztiei ezin zaiela bizkartzaina jarri ohartarazi du Emakundek, aste honetan bertan Hego Euskal Herriko eskoltek egindako eskaintzari erantzunez.

Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak adierazi duenez,epaileek dute mehatxatutako emakumeei jarri beharreko zaintza erabakitzeko eskuduntza eta ardura. Eta ohartarazi du bizkartzainaren zaintza ezin dela orokortu.

Bizkartzain Aktiboen Elkarteak aste honetan proposatu du genero indarkeriaren biktima guztiei bizkartzaina jartzea. Izan ere, ETAren su-etenaren ondorioz, 500 lagun langabeziara joango baitira. Hain zuzen ere, bizkartzain horiek birziklatu eta euren zerbitzuak emakumeei eskain diezazkietela adierazi du bizkartzainen elkarteak.

Ildo horretan, heldu den hilabeteotan euren proposamena azaltzeko Emakunde eta Clara Campoamor erakundeekin elkartuko direla azaldu zuten bizkartzainek.

Atzo, Radio Euskadin emandako elkarrizketan, Maria Silvestrek gaiari buruz hitz egin zuen. Emakundeko zuzendariak adierazi zuen etengabe gogoetatzen ari direla nola hobetu genero indarkeria pairatzen duten emakumeen babes neurriak. Ildo horretan, adierazi du emakumeei bizkartzaina jartzeak bi bider egiten dituela biktima: batetik, gizarteko bakartzea eragiten duelako, eta bestetik, bizkartzaina eramateak gizarte errefusa eragiten duelako.

Erasotzaileen zaintza

Emakume mehatxatuei bizkartzainaren zaintza jartzea zaila bada, ez da errazagoa balizko erasotzaileei jartzea, Silvestreren irudiko. Ildo horretan, epaileei eskatu die kasu bakoitza behar bezala aztertzeko, neurririk egokiena aukeratu ahal izateko.

Bestalde, bereizketa kasuetan umeen zaintza partekatuaz galdetuta, Silvestrek adierazi du lehenik eta behin adingabeentzat irteerarik onena bilatu behar dela. Guraso biek haurraren zaintzaren ardura hartzea onena litzatekeela iritzi dio Silvestrek. Baina zaintza partekatuaren formula ezin dela orokortu azaldu du Silvestrek, oraindik ere ez dagoelako ardura konpartitu hori umeen zaintzaren alorrean. Horrela, gogorarazi du kasu asko eta askotan gizonak ez direla batere arduratu seme-alaben zaintzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.