Emaztea errugabetu du 'Urbancasa auzian' epaitutako gizonezkoak

Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du bientzat, higiezinen arloko iruzurra egin dutelakoan

Erredakzioa
Iruñea
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Urbancasa auziko epaiketa hasi zen atzo Gipuzkoako Auzitegian, Donostian. Fiskaltzak zazpi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bi akusatuentzat, Angel Crespo eta Maria Victoria Ferrer senar-emazteentzat, higiezinen arloko iruzurra egin dutelakoan. Atzoko saioan, Crespok emaztea errugabetzat jo zuen, eta atxilotu ez balute kaltetuei zor zien dirua itzuliko liekeela adierazi zuen. Fiskaltzaren arabera, 2004 eta 2007, urteen artean egin zituzten iruzurrak, Nafarroako zazpi herritan eta Urnietan (Gipuzkoa). Eraiki ez ziren higiezinen eskaintzak egitea leporatu die, haienak ez ziren lur eremuetan, gainera. Horrelako 27 eskaintza egin zituztela dio fiskaltzak, eta 44 erosleri egin zietela iruzur. Bikotea 2007an atxilotu zuten Katalunian, eta ordutik preso daude.

Crespok atzo aitortu zuen higiezinen enpresaren arduraduna zela eta emaztea hura gauzatzeko erabili zuela, gizarte segurantzarekin «zorrak» zituelako. Ferrerrek, berriz, deklaratu zuen senarra arduratzen zela salmentez eta bere lana soilik «sinatzailearena» zela. Crespok azaldu zuen Ablitaseko eskaintzarekin azaleratu zela auzia. Haren arabera, ordura arte «denek dena» kobratu zuten, baina bera «denbora irabazi nahian» ari zela, prentsak auzia publikatu, eta beste eskaintzen salaketak agertzen hasi ziren. Epaiketak bihar jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.