Atzo arratsaldean Baionako auzitegira eraman zuten Chrystophe Dubarry 37 urteko gizona haurdun zegoen Maria Belen Muro Etxegarai 34 urteko emaztea eta bikotearen bost urteko alaba Irati hiltzeagatik. Dubarryk beraK jakinarazi zion poliziari emaztea eta alaba hilik atzeman zituela. Lerro horiek idazteko orduan ez zen jakina auzitegiaren erabakia. Baionako eta Paueko presondegira deitu zuen Berriak, baina Dubarry izeneko presorik ez dutela sartu adierazi zuten bertan.
Auzitegiak erabaki beharko du Dubarryk aldez aurretik pentsatu zuen emaztea eta alaba hiltzea, edo bat-bateko gertakaria izan ote zen, hori baita legearen aitzinean erahilketa eta hilketa bereizten duen puntua.Lehen galdeketen ondoren, Poliziaren esanetan, Dubarryk aitortu egin zuen berak hil zituela, itota.Dubarry Hendaiako Ibaia ostatuko sukaldari nagusia da. Larunbatean goizeko bederatzietan lanera atera zen. Goiz osoan Dubarryk normaltasun osoz egin zion lanari neholako susmorik eragin gabe lankideen artean. Nehork ez zuen harengan tentsio berezirik nabarmendu.
Arratsaldeko ordu biak aldera, maitaleen egunaren karietara, etxera sartu zen lore sorta bat eskuan. Auzokideek arrabotsak entzun zituzten etxean eta handik gutira tarrapataka ikusi zuten eskaileretan behera, «emaztea eta alaba hilak daude, poliziari dei egin iezaiozue» erranez.
Belen Muroren hilotza ohean atzeman zuten. Poliziaren arabera oheko burkoa baliatu zuten itotzeko. Elektrika haria izan zen alaba itotzeko erabilitako arma. Norbaitek etxebizitza miatu zuela pentsa zitekeen, gauza guziak tokitik kanpo ageri baitziren, lapurreta izan balitz bezala. Poliziaren ustez Dubarryk berak gauzak etxean zehar barreatu zituen poliziarengan lapurketaren susmoa nagusitzeko asmoz.
Susmoak
Poliziak hastapenetik ikerketa ildo guziak zabalik zeudela adierazi zuen eta galdeketa egiteko atxiki zuen Dubarry. Gertakariek poliziaren susmoak eragin zituzten, baina hastapen batean ez zuten lortu heriotzen egilea zehazterik. Galdeketa hasi eta handik ordu batzuetara, ordea, Dubarryk berak aitortu zuen emaztea eta alaba hil zituela, betiere Poliziaren esanetan.
Poliziaren arabera bikotez kanpoko harreman bat dago gertakarien iturburuan. Dubarryk harremanak zituzkeen bertze neska batekin eta egoera horrek burua galtzera eraman du ustezko hiltzailea. Bi heriotzek eta senarraren atxiloketak ondoren zur eta lur utzi zituen bizilagunak. Izan ere bikote eredugarritzat zeukaten guziek eta nehork ez zezakeen pentsa bikotearen baitan tentsio edo gatazkarako arrazoiren bat egon zitekeenik. Dubarry eskaileretan behera oihuka ikusi zituen auzokideak gizona sena erabat galdua zuela adierazi zuen. Emaztea eta haurra hilak zeudela eta poliziari deitzeko agindu zigun Dubarryk berak.Heriotzeen berriak bizilagunak inarrosi bazituen, oraindik gehiago astindu zituen Dubarryk heriotzaren hogena bere gain hartu duela jakiteak. Aitortza egin duela jakinik ere auzoek ez dute oraindik sinesten. Azken hamar urteotan Dubarryk sukaldari lanak egin ditu Hendaian. Lehenik Serge Blancoren thalasoterapia zentroan eta, gero, enpresa honek Ibaia ostuaren jabetza eskuratu ostean, bertako jatetxearen gidaritzan ezarri zuen Dubarry. Blancoren enpresarentzat konfiantzazko pertsona zen Dubarry, langile arduratsua, kudeatzaile ona eta lagunekin eskuzabal jokatzen zuena.Maria Belen Muro Donostiako Lauki ostatuan ari zen lanean. Astelehenetan, atsedena zuenez, Dubarryk berak prestatutako janaria eramaten zion Donostiara eta bertako lankideekin partekatzen zuten, Dubarry sukaldari on eta preziatua baitzen ingukoen artean.