Emaztea larri zauritu zuen atzo ustez gizon batek Burlatan (Nafarroa), ehizarako eskopeta batekin tiro eginda. Nafarroako Gobernuak esan duenez, ustezko erasotzaileak emazteari egin zion tiro lehenbizi eta ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen. Nafarroako Ospitale Gunera eraman zituzten biak; emakumea, larri, eta gizona, oso larri.
Foru gobernuak jakinarazi duenez, 12:23an izan zen erasoa, Fulgencio Sanchez kalean. Biktimak 56 urte ditu, eta ustezko erasotzaileak, 62. Gertatutakoa ikertze aldera, foruzainek eta Burlatako udaltzainek ingurua itxi zuten. Bikotearen etxea ere miatu zuten. Foruzainen hipotesi nagusia genero indarkeriarena da. Aurretik emakumeak ez zuen salaketarik jarria gizonaren aurka, Foruzaingoak jakitera eman duenez.
Biak Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzuetara eraman zituzten. Emakumeak zauriak ditu hanketan, eta ebakuntza egin behar izan zioten.
Gizonak oso zauri larria du aurpegian, eta hari ere ebakuntza egin behar izan zioten. Ondoren, Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman zuten.
Burlatako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa salatu, eta babesa azaldu die emakumeari eta haren senide eta lagunei. Genero indarkeriaren biktimei laguntzeko eta kasu egiteko neurriak sustatzen jarraituko dutela berretsi du. Prebentzioaren alde egiteko beharra dagoela nabarmendu du. Gaurko elkarretaratzera deitu dute, erasoa salatzeko. 19:00etan izango da, Eugenio Torres plazan.
Atxiloketa bat Bilbon
Herenegun iluntzean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atzeman zuen Bilbon, ustez emaztea labanaz lepoan zauritzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gaueko hamarrak aldera emakume baten deia jaso zuten. Hark azaldu zien etxean zegoela eta senarra labanarekin eraso egiten saiatzen ari zela.
Ertzainen patruila bat bikotearen etxera joan zen berehala, Zabala auzora. Ertzaintzaren arabera, bikotea indarka ari zen, korridorean. Emakumeak azaldu zienez, eztabaida izan zuten, eta gizonak sukaldetik labana bat hartu, eta lepoan zauria egin zion. Mehatxuak eta irainak ere egin zizkion, biktimak kontatu zienez. Andreak ustezko erasotzailearengandik ihes egitea lortu zuen, eta logela batetik deitu zien ertzainei.
Atxilotutako gizonak 33 urte ditu, eta, Ertzaintzak emandako datuen arabera, jarrera oldarkorra izan zuen poliziekin. Emakumea erietxera eraman zuten, medikuek kasu egiteko.
Bestalde, herenegunelkarretaratzea egin zuten Leioan (Bizkaia), hilaren 3an herriko 10 urteko neskato batek izandako sexu erasoa salatzeko. Leioako Bilgune Feministak eta Andrak emakumeen taldeak deitu zuten protestara, eta Haika Mutil taldeak eta udaleko talde guztiek babestu zuten. Bertan, parekotasuna lortzeko politika eskatu zuten, eta autodefentsa feministara deitu zuten.
Mugimendu feministak antolatuta, nazio manifestazioa egingo dute etzi Bilbon. Indarkeria sexistak mila aurpegi. Erantzun! izango da leloa, eta 18:00etan abiatuko da, Arriagatik. «Beste eredu politiko, ekonomiko eta ideologiko bat behar da», diote deitzaileek.
Emaztea larri zauritu du ustez gizon batek, eta bere burua hiltzen saiatu da
Burlatan izan da erasoa; erasotzaileak eskopetaz egin dio tiro andreari, eta biak larri daude erietxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu