"Ez naiz joango giza eskubideak urratzen dituen auzitegi batera". Halaxe azaldu dio AFP agentziari Martinek, Ipar Euskal Herriko Herrira-ren eledunak. Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu behar zuen gaur, baina "ondorioak zein diren jakinda ere" ez agertzea erabaki du. "Ni ez bertaratzeak euroagindu baten berehalako igorpena ekarriko du, eta Frantziak erabaki beharko du eplikatu ala ez".
Frantziako gobernu sozialistak Espainiako "errepresio politikari" erantzuten dion erabaki beharko duela uste du, Martinen arabera agerian uzten baitu Hollande presidentearen alderdian dagoen kontraesana: "Nola liteke PSko ordezkari batzuk iazko azaroan Herrira-ren aldeko manifestazio jendetsura joatea eta Parisko arduradunek Espainiari jarraitzea?".
Jon Mintegiaga ere Auzitegi Nazionalean
Jon Mintegiagak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du inputatu gisa, Herrira-ren aurkako operazioaren barruan. Epaileak aske utzi du, bermerik ordaindu gabe, baina auzian inputatuta eta epaiketaren zain. Mintegiagak azaldu duenez, "oso babesturik" sentitu da Madrilera joan den jende guztiarekin, eta horrek "asko" laguntzen duela esan du. Eskerrak eman ditu. Tolosaldeko atariak jaso du Mintegiagak Madrilera egindako bidaia.