Irailaren 30ean Herrira-ren aurkako polizia operazioa egin zuen Guardia Zibilak: hemezortzi lagun atxilotu eta plataformak Hernanin, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean dituen egoitzak itxi zituen; Hego Euskal Herrikoak, beraz. Orain, Ipar Euskal Herriko Herrira-ko kide izatea egotzita, Emilie Martin eta Jon Mintegiaga inputatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta azaroaren 5ean deklaratu beharko dute Eloy Velasco epailearen aurrean, Mintegiagaren abokatuek 'Kazeta.info' atariari baieztatu diotenez. Halere, Martinek BERRIA egunkariari jakinarazi dionez, oraindik ez du deklaratzeko zitaziorik jaso.
Mintegiaga Herrira-ko Hernaniko egoitzan zen irailaren 30ean poliziak bertara sartu zirenean, baina aske utzi zuten. Martin sumarioan agertzen da Herrira-ko kide gisa, baina oraindik ez du deklaratzera joateko jakinarazpen ofizialik jaso.
Jexux Mari Aldunberri, Jon Garai, Jose Antonio Fernandez, Nagore Garcia, Sergio Labaien, Manu Ugartemendia, Eneko Villegas, Roberto Noval, Ibon Meñika, Oskar Sanchez, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Imanol Karrera, Fran Balda, Beñat Zarrabeitia, Ane Zelaia eta Gorka Gonzalez atxilotu zituzten. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ETAren zati bat osatzen duen taldetzat jo zuen Herrira, operazioa azaltzean: "ETAren garroa" dela esan zuen.