Eneko Gogeaskoetxea atxilotu du britainiar Poliziak Cambridgen

Egunotako bi atxiloketak gaitzetsi ditu AAMk, eta «propaganda hutsa» direla salatu du

Erredakzioa
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Britainia Handiko Poliziak Eneko Gogeaskoetxea gernikarra atxilotu zuen atzo goizean Cambridgen. Gogeaskoetxea ETAko zuzendaritzako kidetzat du Espainiako Barne Ministerioak, eta horren iturriek esan dutenez, atzoko atxiloketan Guardia Zibilak ere parte hartu zuen.

Westminsterko Auzitegira eraman zuten arratsaldean Gogeaskoetxea, auzitegi horrek ebazten baititu estradizio eskaerak. Auzitegitik igaro ondoren, behin-behinean atxilotuta edukitzeko agindu zuen kasua daraman epaileak, eta uztailaren 25a arte atxikiko dute erregimen horretan. Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar sumario dauzka irekita Gogeaskoetxearen aurka.

Berri agentziek esan zutenez, Gogeaskoetxeak ez zuen onartu Espainiara estraditatzea atzoko auzi saio laburrean. Fiskalak, berriz, zortzi inputazio leporatu zizkion, besteak beste, Bilbon 1997an ertzain bat hiltzea eta Guggenheim museoaren inaugurazio ekitaldian Espainiako monarka eta orduko Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznar eta EAEko lehendakari Jose Antonio Ardanzaren aurka atentatua egin nahi izana.

Rubalcaba, pozik

EspainiakoBarne ministro Alfredo Perez Rubalcaba kontent agertu zen atzoko atxiloketarekin, eta baita herenegun Frantzian Daniel Dergi atzeman izanarekin ere. Rubalcabaren esanetan, «ETAk gero eta zailagoa dauka, doan lekura doala».

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, guztiz kontrako interpretazioa egin du bi atxiloketa horiek direla eta. AAMk iritzi dio «errepresioa eta gatazka betikotzea» dutela xede, eta «propaganda hutsa» direla ere esan du, «helburu mediatiko eta politikoekin burutuak biak ala biak». Espainiako Estatutik kanpoko atxiloketa horiekin Madrilek munduan zehar «errepresiorako aliatuak» izan nahi dituela iritzi dio AAMk, baina egungo testuinguruan estatu horiek «presio egin beharko» luketela uste du, «errepresioa amaitzeko, torturak amaitzeko eta Euskal Herrian garatzen ari den prozesu demokratikoan laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.