euskal presoak

Eneko Gogeaskoetxea Espainiaratzea erabaki du Londresek

Defentsak helegitea sartuko du. Ustezko etakidea 2011ko uztailean atzeman zuten Erresuma Batuan. Denera hamalau "terrorismo delitu" egozten dizkio Espainiak; tartean, 1997an ertzain bat hil izana.

2012ko urtarrilaren 23a
17:18
Entzun

Londresko Westminsterko Epaitegiak Eneko Gogeaskoetxea ustezko etakidea (Gernika-Lumo, 44 urte) Espainiaratzea erabaki du. Defentsak aurreratu du helegitea sartuko duela; astebete du horretarako. Bitartean Belmarsh-ko kartzelan edukiko dute Gogeaskoetxea.

Daphne Wickham epaileak irakurri du estradizio erabakia gaurko auzi saioan, Gogeaskoetxea bertan zela. Wickhamek esan du euskal presoaren eskubideak errespetatu egingo dituela Espainiak eta hark "epaiketa justua" izango duela. 

Besteak beste, 1997ko urrian Bilbon Guggenheim museoaren inaugurazioan Juan Carlos Espainiako erregea hil nahi izana eta ertzain bat hiltzea leporatzen dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalak —honek egin zuen euroagindu eskaera—. Denera hamalau "terrorismo delitu" egozten dizkio.

Defentsak esan du Gogeaskoetxearen aurkako akusazioak atxilotu batek inkomunikazio garaian egindako testigantzan oinarritzen direla. Epaileak erantzun du berari ez dagokiola hori aztertzea.

Iazko uztailaren 7an atxilotu zuten, Cambridgen (Erresuma Batuan). Han bizi zen duela lau urtetik, neska-lagunarekin eta haurrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.