Joan den ekainean iragarri zuen Gipuzkoako Lurralde Epaitegiak Eneko Goia (EAJ) Donostiako alkatea lekuko gisa deklaratzera deituko zuela, Bidegi auzia dela eta. Gaur goizeko 09:30etan zuen zita, Azpeitiko 2. instrukzio epaitegian, eta bi ordu pasatxo igaro ditu han.
Auzitegitik irtetean, "lasai" agertu da Goia: "Testigu gisa eskatu zaizkidan galderak erantzutera etorri naiz, eta kitto". Bidegi auziari buruz galdetuta, argi utzi du gaiarekiko ez duela "inongo zalantzarik" eta kontzientzia, berriz, "oso lasai" duela. Dena den, Donostiako alkatearen arabera, "ez da atsegina halako irudiak ematea; ziur baten batek hori zuela helburu gaurkoarekin".
AP-1eko obren inguruan jarri zituen bi kereila Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bildu agintean zegoela, egin gabeko lanengatik ordaindu zutelakoan. Ekainean, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen interesa bazuela Goiari eta Felix Urkolari —Lazkaoko alkate ohiari— deklarazioa hartzeak, "kereilaren aztergaiaren gainean eztabaidatu eta erabakitzeko bilera batean parte hartu zutelako". Zehazki, 2011ko urtarrilaren 24an Gipuzkoako eta Arabako diputazioek osatutako Batzorde Mistoaren bilera batekin lotuta dago Goiaren zitazioa; bera izan zen batzordeko buru.