Eneko Ostolaza 23 urteko markinarra gaueko miaketetan atzemandako agirietan oinarrituta hartu dutela atxilo zehaztu du Espaniako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak.
Izan ere, Guardia Zibilak bost etxebizitza miatu ditu bart goizaldean: Donostian, Bilbon eta Aulestin (Bizkaia) bana, eta bi Lekeition (Bizkaia).
Efe' albiste agentziak zabaldu duenez, Legarraren eta Zenigaonandiaren atxiloketekin dute zerikusia miaketa horiek. Atzo, Donostiako Amara Berri auzoko Ilunbe Elkartea arakatu zuen Guardia Zibilak, eta bart goizaldean elkarte horrekin zerikusia duen pertsona baten etxebizitza.
Legarra eta Zenigaonandia ostegunean atxilotu zituzten Ermuan (Bizkaia), Guardia Zibilak A-8 autopistan ezarritako kontrol batean. Polizia iturrien arabera, ETAren aldizkari Zutabe -ren hainbat ale zeramatzaten.
Atzo deklaratu zuten bi gazteek Espainiako Auzitegi Nazionalean, inkomunikatuta, eta biak espetxeratzeko agindua eman zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak, ETArekin zerikusia izan dezaketela argudiatuta. Espetxera ere inkomunikatuta bidali zituzten, eta horregatik, gazteen senideek eta Askatasuna erakundeak kezka handia agertu dute haien egoeraren eta guardia zibilaren esku izan diren bitartean jaso ahal izan duten tratuaren inguruan.
Atxiloketak
Eneko Ostolaza markinarra atxilotu du Guardia Zibilak Arrasaten
Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Markinako (Bizkaia) Eneko Ostolaza atxilotu du gaur goizean Guardia Zibilak Arrasaten (Gipuzkoa). Bart Donostian, Bilbon, Aulestin (Bizkaia) eta Lekeition (Bizkaia) egin dituzten miaketekin lotu dute atxiloketa. Halaber, miaketa horiek atzo espetxeratu zituzten Mikeldi Zenigaonandiaren eta Iker Legarraren atxiloketekin lotuta egin dituztela jakinarazi dute polizia iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu