Protesta ekintzarako, kontainer hori handi bat ainguratu zuten ekologistek zentral nuklearreko atarian, Antinuklearra naiz leloarekin. Goizeko seietan iritsi ziren Greenpeaceko ekintzaileak, kamioi batean eta hainbat furgonetatan, zentraleko atarira, ahalik eta denbora gehien bertan «erresistentzia» egiteko asmoarekin. Kamioiak gainean eramandako kontainerra zentraleko sarrerako atearen aurrean gurutzatu zuten ekintzaileek; hura lurrera lotzen zuten bitartean, presiopeko ura bota zieten zentraleko langileek barrutik.
Ur zorrotadekin bustita, kontainerraren barruan sartu ziren hamarren bat ekintzaile, haien gorputzak ere kontainerra ez askatzeko moduan lotuz. Horiez gainera, beste bi lagun igo ziren kontainer gainera, Garoña: itxiera berehala zioen pankarta zabalduz. Gainerako ekintzaileak inguruetan egokitu ziren. Batzuk sarrerako atera kateatu ziren; beste zenbait zubiari lotu zitzaizkion, elkarren artean hodiekin lotuta, zentralerako bidea galaraziz. Hala ere, Bravok argi utzi zuen Greenpeaceko kideen asmoa ez zela zentralerako sarrera erabat ixtea:«Ez ditugu zentralerako sarrerak blokeatu nahi, arazoaz ohartarazi nahi dugu, modu baketsuan».
Bidea erabat itxita ez zegoenez, langileak oinez sartu ziren zentralera, poliziek lagundurik, 07:30ak aldera. Zentral nuklearrak «erabat normal eta segurtasunez» funtzionatu zuen atzo, Garoñako zentralaren jabetza duen Nuclenorreko -erdi bana, Endesak eta Iberdrolak osatutako enpresa- bozeramaile Antonio Cornadoren esanetan. Greenpeaceren protesta ez zitzaion egoki iruditu Cornadori, baina eguneroko lanean ez zuela eraginik izan nabarmendu zuen. Halakoetan ohiko den larrialdi protokoloa martxan jarri zutela ere jakinarazi zuen, hau da, segurtasun indarrei berri eman zietela.
30 bat atxilotu
Poliziak 06:45ak aldera iritsi ziren zentraleko atarira. Greenpeacek ekintza jarraitzeko Interneten sortutako blogaren arabera, 14:30ak aldera ekintzaile guztiak identifikatu zituen Guardia Zibilak. Protesta egiteko ez zutela baimenik, eta sakabanatu egingo zituztela ohartarazi zieten poliziek. Arratsaldeko laurak jotzerako, bertan bildutako kazetariak eta bizilagunak eremutik aterarazi zituen Guardia Zibilak, eta ekintzaileak atxilotzeari ekin zion.
Ekologistek ez zieten kontra egin eta, atxilotu ahala, autoetan sartu eta polizia etxera eraman zituzten. Guardia Zibilak arazo gehiago izan zituen kontainerra lekutik kentzeko. Zulatzeko makina batekin kontainerra ireki eta barrura sartzea lortu zuten, eta bertan lotuta zeuden ekintzaileak banaka-banaka atxilotu zituzten. Arratsaldeko bostetarako hustu zuten ingurua poliziek. Garabi bat ere ekarri zuten; kontainerra airean jaso eta zentral nuklearraren barrura sartu zuten; horrela libratu zuten bidea.
Poliziak «artez» portatu zirela eta «profesionalki lan egin» zutela adierazi zuten Greenpeaceko kideek. Arratsaldean jakin zenez, hala ere, bi ekintzaile ospitalera eraman zituzten, atxilotu zituztenean ustez egin zituzten zauriak begiratzeko. Guztira 30 bat lagun atxilotu zituen Poliziak. Iluntzean aske uzten hasi ziren ekintzaile gehienak.
Garoñako zentralaren aurrean egindako protesta Antinuklearra naiz kanpainaren barruan kokatu dute Greenpeaceko kideek. Azaroaren 11n aurkeztu zuten kanpaina hori, antinuklearrak batzeko eta energia nuklearraren aurkako aldarria «indar osoz entzunarazteko» asmoarekin. PSOEk energia nuklearra baztertzea eta «energia seguru, garbi eta merkeagoak sustatzea» agindu zuela oroitarazi dio Carlos Bravok: «Zapatero presidenteak akats larria egingo luke, herritarren gehiengo antinuklearrari bizkar emango balio». Garoñako zentrala «zaharra eta arriskutsua» da, eta aski pagatua dago, Bravoren ustez. 2007an, orduko 3.478 gigawatt sortu zituen Garoñak, Greenpeaceren arabera; Espainiak urte hartan sortu zuen energia guztiaren %1,28, alegia.
Garoña, aztertzen lehena
Garoñako zentrala 1971n zabaldu zuten, eta Espainiako zaharrenetakoa da. Datorren urteko uztailean amaituko zaio jarduera baimena, baina zentralaren jabe Nuclenor enpresak baimena hamar urtez luzatzeko eskaera egina du dagoeneko.
Nuclenorrek baimena luzatzeko eskaerarekin aurkeztu dituen txostenak aztertzen ari da Espainiako CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua. Maiatzerako eskariari erantzungo diotela jakinarazi dute. CSNk baimena luzatzeari ezezkoa ematen badio, erabakia loteslea izango da Espainiako Gobernuarentzat; onartu egin beharko du. Aldiz, CSNk jarduera baimena luzatzearen aldeko txostena egiten badu, Espainiako Ministroen Kontseiluak izango du azken hitza. Horrenbestez, Espainiako eta Herrialde Katalanetako zentral nuklearren artean, CSNren azterketaren mende jarriko den lehena izango da Garoñako zentrala.
Nuclenor
«Tokiz eta garaiz kanpo daude horrelako ekintzak»
«Horrelako ekintzak tokiz eta garaiz kanpo daude, eta arrazoiak kentzen dizkiete egiten dituztenei. Planta normal ari da, eta, gainera, segurtasun berme guztiekin. Ez dira moduak gauzak egiteko herrialde demokratiko batean».Gaztela eta Leongo Junta
«Ez lukete segurtasunik gabeko zentralaren ideia zabaldu beharko»
«Ez lukete segurtasun gabekoa delako ideia zabaldu behar. Gaztela eta Leongo Juntak eta Espainiako Gobernuak babestu egiten dute. Gogoeta egin behar da, herri guztiak energia nuklearraren alde ari direlako apustu egiten».Foro Nuklearra
«Protesta ekintza guztiz justifikaezin eta onartezinak dira»
«Garoñako planta segurtasun berme guztiekin ari da lanean. Onartezina da krisi garaian 600 langile ari diren zentrala ixteko eskatzea. Zentral hauek CO2 isuriak murrizten dituzte, eta erregai fosilekiko menpekotasuna ere bai».Ekologistak Martxan