ENERGIA. Olatuen bidez energia sortzeko zentroa aurkeztu dute Lemoizen

Lemoizen ezarriko dute BIMEP izeneko azpiegitura, eta 6.000 etxetarako energia elektrikoa sortuko du

MAITE ASENSIO LEMOIZ
2008ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Olatuen bidezko energia lortzeko eta ikertzeko Lemoizen (Bizkaia) egingo duten azpiegitura aurkeztu zuen atzo Jose Ignacio Hormaetxe Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Pedro Jesus Botejara Lemoizko alkatearekin batera. BIMEP Biscay Marine Energy Platform izeneko proiektuaren bitartez, 6.000 familiarentzako argindarra sortzeaz gain, itsas energiaren gaineko ikerketa eta garapen teknologikoa bultzatu nahi dute. Atzo ziren egitasmoaren eraikuntzari hasiera emango liokeen lehenengo buia itsasoratzekoak, Armintza auzoko portuaren aurrean, baina, eguraldiaren ondorioz, atzeratu egin zen. Edonola ere, bi urte barru martxan izango da azpiegitura osoa.

Olatuek eragiten duten mugimendutik energia elektrikoa lortzeko, olatu bihurgailuak izeneko tresnak erabiliko dituzte. Horietatik itsas hondoan egongo diren lau konexio kutxetara bidaliko da energia, eta bertatik Armintzan kokatutako azpiestaziora, zuntz optikoko lineen bidez. Azpiestazioak elektrizitatea banatzeko sare nagusira bidaliko du energia hori.

Horrelako azpiegituretarako ezaugarri aproposak ditu Bizkaiko Itsasoak. Hormaetxek azaldu zuenez, erdi-goi mailako indarra dute olatuek, eta bertako baldintzak europar kostaldeko beste herrialde batzuetakoak baino hobeak dira. Ildo horretan, EEEk Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeei dagokien olatuen atlasa osatu du; horren bidez, kostaldean zenbat itsas energia lor daitekeen aztertu dute. Azpiegiturek 20 megawatteko potentzia izango dute, eta aurreikuspenen arabera, itsas energiaren bitartez 2.000 gigawatt lor dezakete urtean. Hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den argindarraren %10 olatuen bidez bete dezake BIMEPek. Gutxi gorabehera, 6.000 familiaren elektrizitate hornikuntza ekarriko du egitasmoak.

Ikerketa bultzatu

Baina horren guztiaren gainetik, ikerketa zentro aitzindaria izango da BIME; «apalkeriarik gabe, itsas energia ikertzeko Europan dagoen plataformarik aurreratuena», Ibarretxeren hitzetan. Izan ere, olatu bihurgailuen eta itsasoan argindarra sortzeko ekipamenduen teknologia garatze bidean dago oraindik, eta ildo horretan, BIMEPek «prototipoak probatzeko berariaz sortutako zentroa» izan nahi du. Hormaetxeren ustez, tresna horiek «aztertzen eta fabrikatzen dituzten enpresak erakarriko» ditu egitasmoak, beraz.

Armintza auzoan ikerketa lan hori hartuko duen eraikina egiteke dago oraindik. Hogei lagun inguruk lan egingo dute bertako laborategi, tailer eta bulegoetan. Halaber, bertan kudeatuko da itsasoari buruzko informazioa; buia ozeanografikoek bidaliko dituzte, hain zuzen, olatuen altuera, tenperatura eta abiadurari edota itsaslasterrei buruzko datuak.

Hartara, energia berriztagarriei lotutako teknologien I+G esparruan, «punta-puntako zentro» bihurtuko da BIMEP. Berriztagarriek eta, zehazki, itsas energiak «etorkizun handia» dutela-etaproiektuak inbertsio garrantzitsuak ekarriko dituela nabarmendu du Ibarretxek: «Itsasoari begira hazi eta hezi gara. Gaur, beste aukera bat eskaini digu itsasoak; krisiaz hitz egiten dugu, baina horri aurre egin behar zaio». BIMEPek berrikuntzaren aldeko apustua dakarrela gaineratu du Ibarretxek.

Hamabost milioi euroko aurrekontua dauka BIMEPek. Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du EEEren bidez, neurri handi batean; Bizkaiko Foru Aldundiak ere interesa agertu du proiektuarekin, Hormaetxeren arabera. EAEko Energia Estrategiaren helburuen barruan dago proiektua; era berean, CIC energiGUNE ikerketa zentroaren instalazioen parte izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.