Enpresa proiektu berrientzako Eusko Jaurlaritzaren laguntzak bikoiztea proposatu du Ziarretak

EAko hautagaiaren iritziz, 6.000 eurotik 12.000ra igo behar dira laguntzak, baldin eta proiektuek inguruan lan postuak eta aberastasunak sortzen badituzte. Enpresen eta formakuntza profesionalerako ikastetxeen arteko loturak "Euskadi osora" zabaltzearen garrantzia nabarmendu du.

2009ko otsailaren 16a
16:49
Entzun
Eusko Alkartasunako hautagai Unai Ziarretak gaur Ordizian (Gipuzkoa) proposamen bat egin du enpresa proiektu berrien inguruan: egun proiektu horiek jasotzen dituzten 6.000 euroko laguntzak bikoizteko, hots, 12.000ra igotzeko eskatu du. Diru laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak ematen ditu. Halere, soilik inguruan lan postuak eta aberastasunak sortzen badituzte bikoiztea proposatu du Ziarretak.

EAko buruak Goierri Fundazioa bisitatu du gaur eguerdian, bere alderdiko buruzagi eta beste hautagai batzuek lagunduta. Tartean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Campos zegoen.

Ziarretaren iritziz, egungo "krisi ekonomikoan gero eta gehiago" kostatzen da enpresa proiektu onak aurrera ateratzea. "Datorren gobernuak arreta berezia izan beharko du ekimen horiek tiraderan ahaztuak gera ez daitezen, bereziki orain, banketxeen aldetik zailagoa denean kredituak eskuratzea".

Gipuzkoako Goierrin enpresa arloan egindako lana jarri du adibidetzat, "herritarren lan baldintzen eta bizitza egoeraren hobekuntza nabaria lortu baita". Gogoratu duenez, 1990eko hamarkadan eskualde horretan %16ko langabezia zegoen, eta gaur egun %5ekoa da. Ziarretaren iritzian, hobekuntza horretan zerikusi handia du enpresen eta heziketa profesionalerako ikastetxeen arteko loturak, eta "eredu hori Euskadi osora" zabaldu beharko litzateke.

Lan harremanen euskal esparrua

Era berean, funtsezkotzat jo du lan harremanen euskal esparrua berriro ere eskatzea, "zeren eta beharrezkoa da Hobetuz erakundeak berriz guziz kudeatzea formakuntza iraunkorreko eskumenak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.