Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Zilbetin harrobia eraikitzeko proiektua. Aurreko astean jakinarazi zuen epaia. Auzitegiaren tesia da "kalte onartezina" eragingo lukeela magnesioa ateratzeko proiektu horrek inguruan, leku babestua baita.
Magnesitas Navarras enpresak agerraldia egin du epaiaren aurka egingo duela iragartzeko. Langileek eta inguruko udal ordezkariek babestuta agertu da enpresa —besteak beste, Erroibarreko alkate Enrique Garralda izan da agerraldian—. Enpresako zuzendari Jaiver Creixellek ohartarazi du "oso eragin negatiboa" izango lukeela Zilbetiko egitasmoa bertan behera uzteak beste proiektu batzuetan. Areago, enpresaren etorkizunaz kezkatuta agertu da.
Garralda alkatea lanpostuei begira jarri da. "Zer esango diegu gure gazteei galdetzen dutenean nolatan kendu dien epai batek etorkizuna eta lanpostu egonkorra?". Nabarmendu du inguruko 200 familia daudela enpresaren jardunaren esku. Proiektuaren eraginari dagokionez, azaldu du egitasmoaren %0,25ek soilik hartzen dituela babestutako lurrak.
Gobernuari ere eskatu diote helegitea jartzeko, baina ezezkoan da hura.