Enpresak, Pasaiako kanpoko kaia egitearen alde

Giporteko buru Gregorio Esparzak uste du kanpoko kaia dela portuaren jarduera ziurtatuko duen bakarra

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Pasaiako portuaren (Gipuzkoa) erabiltzaileak biltzen dituen batzarrak, Giportek, kanpoko kaia eraikitzearen alde egin du. «Zailtasun ekonomikoen gainetik portuaren jardueraren etorkizuna bermatzen duen bakarra da», esan du Gregorio Esparzak, Giporteko presidenteak. Kanpoko kaia eraikitzea ahalbidetuko duen Plan Zuzentzailearekin aurrera jarraitzeko eskatu dio portu agintaritzari.

Giportek urteko batzarra egin zuen atzo, Donostian. Esparzak onartu zuen azken bi urteak ez direla onak izan Pasaiako portuarentzat, krisiaren ondorioz. Joan-etorriei erreparatuz, iazkoa azken hamarkadetako okerrenetakoa izan zen: apenas iritsi ziren 3.190.000 tonatara, duela hamar urteko ia erdira. «Baina Pasaiako portuak Gipuzkoako ekonomiaren motor nagusietakoa da oraindik ere».

Horixe bera nabarmendu du Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Lucio Hernandok. Beste behin ere, kanpoko kaia eraikitzearen alde azaldu da. «Egungo portua hankamotz geratu da. Ezin ditugu trafiko lehiakorrak erakarri».

Esan du proiektua bideragarria dela ekonomiaren aldetik. «Honen atzean ez dago ez espekulazio, ez burbuila, ezta adreilu konturik ere. Proiektu hau Pasaiako badia osorik biziberritzea bermatzen duen bakarrada, eta Gipuzkoako industria lehiakorragoa izatea ekarriko du».

Hernandok nabarmendu du egin duten bideragarritasun ekonomikoaren planaren arabera ez dutela finantzaketa publikorik beharko. Oraingo kaiko lurrak salduta, 455 milioi euro lortzea espero dute, eta portuan dauden enpresek 80 milioi euro aurreratzea. «Hori lortuta, 150 milioi euroko mailegua eskatu beharko genuke, eta uste dugu bideragarria dela». Dena den, 765 milioi horiek kaiaren eraikuntzari dagozkio. Horri errepide eta tren bidezko loturak egiteko lan publikoen kostua gehitu behar zaio: 293 milioi euro. Portuko pabiloi berriak eta energia sortzeko planta berria eraikitzeko, 620 milioi euro jarri beharko dituzte enpresek. Horrenbestez, kanpoko kaia eraikitzea 1.678 milioi euro kostatuko da.

Hernandok irailerako espero du Espainiako Ingurumen Ministerioaren oniritzia. «Txosten hori ez da erabakigarria izango, baina epaile lanak egingo ditu. Aldekoa ez bada, ezingo dugu portua egin». Portu agintaritzak berak onartu du atzeraezinezko kalte larriak eragingo dituela kanpoko kaiak Jaizkibelgo itsaslabarretan. Dena den, baimena lortzea espero du. Hori bai, aitortu du kai berria 2035. urtera arte ez litzatekeela martxan egongo. Orain arte esan izan du 2022an jarriko zutela abian. «Aditu batzuek hasi dira esaten eraiki eta gutxira txiki geratuko dela. Asko poztuko nintzateke hala balitz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.