Itxaropen izpi batekin atera ziren atzo eguerdian Kukutzaren aldekoak Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegitik. Herenegun gaztetxea eraisteko baimena bertan behera utzi ostean, bi aldeen argudioak entzuteko aukera izan zuen epaileak, eta Errekaldeberriz auzo elkartearen abokatuak irmoki defendatu zuen lizentzia hori emateko prozeduran «irregulartasunak» izan direla. Besteak beste, Cabisari, eraikinaren jabetza duen enpresari, orain zortzi urte amaitu zitzaiolako lurrotan eraikitzeko epea. Gaurko espero da epailearen ebazpena.
Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) oinarritu da Jose Angel Esnaola abokatua hori baieztatzeko: «Eraispen baimena baliogabea da, HAPOa urratzen duelako». Cabisak zortzi urte baino gehiagoz izan du lursailon jabetza, baina eraikitzeko eskubidea zortzi urtean gauzatu behar da.
«Enpresak eginbehar bat zuen hirigintzaren arloan, eta ez du bete», berretsi du Esnaolak. Gainera, zortzi urteon ostean, udalak lurrak desjabetzeko eskubidea du. Edonola ere, abokatuak azaleratu du baimenaren izendapena bera dela okerra: «HAPOan ez dago halakorik; bai, ordea, eraikuntza obrarako lizentzia».
Bilboko Udalaren abokatuak, aldiz, eraispen baimenari jarritako helegiteak «legez kontrako helburua» duela adierazi du; haren ustez, errekurtsoa onartzeak eraikinaren «legez kanpoko okupazioa luzatzea» bideratuko luke. Halaber, azpiegitura ez eraisteko arrazoirik ez dagoela argudiatu du, ez dagoelako babestuta.
Ildo horretan, Esnaolak gogorarazi du auzo elkarteak eraikina babesteko eskatu diola Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari. Horren inguruan, Cabisaren abokatuak erantzun du orain arte Jaurlaritzak ez duela ezer egin, «eta gaia ez da oharkabean pasatu, hedabideetan dagoelako». Hirigintza betebeharrei dagokienez, Cabisaren ordezkariak esan du «enpresa estrategiaren barruan» dagoela «lehenago edo geroago eraikitzea».
Ertzaintza, berriro indarrez
Bilboko epaitegiaren kanpoko aldean elkarretaratzea egin zuten Kukutzaren aldekoek. Herenegun gaztetxea hustean Ertzaintzak izandako «jarrera bortitza» salatzeko, zauritu mozorroa jantzi zuten gazte askok. Baina zauriak benetakoak izan zirela frogatu zuten Kukutzako asanbladako kideek: «40 txosten medikotik gora dauzkagu, baina badakigu askoz gehiago izan zirela zaurituak, ia ehun».
Kukutza III proiketuak gizartearen «legitimitatea» lortu duela-eta, «sen onez» jarduteko eta auzia konpontzeko eskatu zioten justizia administrazioari. Elkarretaratzearen ostean, han bildutakoek manifestazio bat inprobisatu zuten Bilboko Kale Nagusian zehar. Plaza Eliptikotik itzultzean Ertzaintzarekin topo egin zuten, eta agenteek indarkeriaz jardun zuten berriro; lekukoen arabera, El Corte Ingles merkataritza zentroan babestu zen jendea, eta ertzainek ateetara jaurti zituzten gomazko pilotak. Gutxienez zauritu bat eta atxilotu bat izan ziren.
Arratsaldean, berriz, manifestazio baketsua egin zuten Errekaldeko kaleetan zehar. Gaurko ere nazioarteko martxa antolatu du asanbladak: 20:00etan irtengo da, auzoko plazatik.
Kukutzaren hustea. Auzibidea
Enpresari eraikitzeko epea amaitu zaiola esan diote auzokoek epaileari
Gaur erabakiko du epaitegiak Kukutza eraikina botatzeko baimena ematean «irregulartasunak» izan ziren ala ezIstiluetan zauritutakoen 40 txosten medikotik gora dituzte gaztetxekoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu