Euskara

Enpresari, langile eta bezeroei konpromisoak eskatu dizkie Kontseiluak, lantokiak euskalduntzeko

Lan mundua euskalduntzeko lehen konferentzia egin dute, Arrasaten.

2013ko ekainaren 13a
18:35
Entzun

Enpresetan aktore diren eragile guztiei konpromisoak eskatu dizkie Kontseiluak. Era horretan, lan mundua euskalduntzeko bidean urratsak egiteko bide orria zehaztu du euskararen aldeko erakundeak.

Gaur, Arrasaten elkartu dituzte sindikatuak, enpresak, kontsumitzaileak, administrazio publikoak eta enpresetan lan egiten duten aholkularitzak. Lan mundua euskalduntzeko lehen konferentzia egin dute.

Parte hartzearekin pozik agertu dira Kontseiluko ordezkariak. Arrasaten elkartu dira CCOO, ELA eta LAB sindikatuak; EKA kontsumitzaile elkartea; Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako diputazioak.

“Oso argi genuen lan munduaren euskalduntzean beste aktore batzuen esku hartzea beharrezkoa dela", adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Azken urte eta erdian bilerak egin dituzte enpresak euskalduntzeko lanean ari diren aholkularitzek eta sektoreko eragileek. Batzuen eta besteen ekarpenak jaso dituzte, eta gaur aurkeztu ditu ondorioak Kontseiluak, adierazpen batean.

Euskara planak dituzten eta hizkuntzaren normalizazioan urratsak egiten ari diren enpretako ordezkariak ere izan dira konferentzian, beren esperientzien berri ematen: EIKA, Mapsa, Cegasa, IMH, GSR, Elay, Orkli, Cikautxo, MCC...

Entzuleen artean Ulma, Bilboko Metroa, Kutxa Fundazioa, Erkide, Fagor, Electra Vitoria, Euskotren, Goizper, CAF eta Izfeko ordezkariak ere bildu dira, besteak beste. Parte hartze "arrakastatsua" izan dela nabarmendu du Kontseiluak.

Joan Ramon Sole i Durany Kataluniako Generalitateko ordezkariak hitzaldia eman du, bestalde, herrialde hartako esperientzien berri emateko. “Oso interesgarria dira Generalitateak katalanaren erabilera sustatzeko baliatu dituen estrategiak eta emaitzak. Hemengo administrazioek badute zer ikasi”, seinalatu du Bilbaok.

Lan mundua euskalduntzeko Kontseiluaren ibilbide orria

Enpresak. Enpresek hizkuntza politikak lantzea "beharrezko" jo du Kontseiluak, eta langileei erraztasunak ematea euskaraz lan egiteko gaitasuna eskuratzeko. Bezeroekin eta langileekin harremanak euskaraz izateko baldintzak bermatzeko ere eskatu die.

Langileak. Lankide guztiak euskalduntzea da lehen urratsa, Kontseiluaren esanetan, langileek euskaraz egin ahal izateko. Sindikatu eta langileen ordezkariei galdegin die lan hitzarmenetan jasotzea euskara garatzeko neurriak.

Bezeroak. Kontseiluak herritarrei proposatu die "kontsumo arduratsua" garatzea eta hizkuntzen arloan ere gizarte erantzukizunez jokatzen duten enpresei lehentasuna ematea. Enpresei zerbitzuak eta produktuak euskaraz nahi dituztela jakinarazteko ere eskatu die.

Administrazioak. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta bide horretan "eredugarri" izateko eskatu die Kontseiluak administrazio publikoei. Horretarako, "hizkuntza politika berri eta eragingarria" garatu behar dutela esan die, eta diru laguntzak bermatzea eta araudiak garatzea galdegin die.

Euskalgintzak. Erantzukizunez jokatzeko prest agertu dira Kontseiluko ordezkariak, gainerako eragileekin hitz egiteko eta adosteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.