'18/98 auzia'

Enpresek galerak zituztela eta haietatik ezer finantzatzea nekeza dela azaldu dute lau auzipetuk

18/98 auziaren epaiketan ETA finantzatzea leporatzen zaien enpresetako kideak ari dira deklaratzen atzo eta gaur. Bixente Askasibarrek, Jose Luis Garcia Mijangosek, Andoni Diazek, Juan Pablo Dieguezek eta Inma Berriozabalek deklaratu dute dagoeneko. Beraiek lan egiten zuten enpresek inor finantzatzea zaila dela esan dute bostek, enpresa txikiak eta hasiberriak zirenez, aberastasunik ez eta askotan galerak sortzen zituztelako. Bostek uko egin diote AVT akusazio partikularraren eta fiskalaren galderei erantzuteari. Askasibarri atzo utzi zioten azaltzen, epaiketa politikoa delako ez ziela haien galderei erantzungo. Beste laurak ere saiatu dira gaur azalpenak ematen, baina epaimahai buruak modu txarrez eten die, zergatik ez duten erantzun nahi ez zaiela interesatzen esanez. Bihar ez da epaiketa saiorik izango.

2005eko azaroaren 22a
19:25
Entzun
18/98 auziko 56 auzipetu Espainiako Auzitegi Nazionalak Casa del Campon duen egoitzara joan dira, gaur ere, epaiketaren bigarren eguneko lehen saioa abiatzeko. Atzoko saioa bertan behera utzi behar izan zuten, defentsak eskatutako froga batzuk ezin bilatuta. Auzipetu bakar batek ere ez zuen amaitu deklarazioa. Bixente Askasibar hasi zen deklaratzen atzo, eta Gadusmar SL bakailo salmentan aritzen dela azaldu zuen, Islandian erosten zutela, eta Kuban saldu. Gaur han zeuden atzo aurkitzen ez zituzten frogak, eta bere deklarazioa amaitu dute aurrena.

Askasibarren abokatu Kepa Landak haren kontra dauden froga inkriminatorioak azaldu ditu, ahulak direla nabarmendu nahian. Haien artean, Gurasoak elkarteko agiriak, agenda bat, Bilboko Kaskagorri konpartsako agiri batzuk eta abesbatza bateko agiriak.

Askasibarrek aitortu egin du KASeko diruzaina izan zela bolada batean, baina, handik ezer finantzatzea ezinezkoa dela esan du, bere hitzetan ez baitzuten diru asko izaten. Bere seme-alaben ikastolako eta institutuko diru kontuak ere eraman zituztela azaldu du.

Ezin azalpenik ere eman

Gero, bigarren auzipetuak ere deklaratu du, Jose Luis Garcia Mijangosek. AVTren eta fiskalaren galderei ez diela erantzungo esan du, eta zergatia azaltzen hasi da. Epaileak hasi bezain lasten moztu du haren hitzaldia, eta galdera egin dio: "erantzun behar duzu? bai edo ez?". Garcia Mijangosek ezetz, eta azalpenak emateko bigarren saioa abiatu du. Epaimahaiak berriz ere moztu egin dio, eta: "horrekin nahikoa da". Jone Goirizelaia da Garcia Milagrosen abokatua, eta galderak egiten hasi zaionean, eaazalpenik eman nahi duen galdetu dio. Garcia Mijangosek baietz, eta hirugarren saioa. Epaileak hirugarrenez moztu, eta aurrera jarraitzeko agindu du.

ETArekin inolako zerikusirik ez duela azaldu du gero, eta berak paper enpresa baten egiten duela lan, komertzial. Untzurri bidaia agentzian mendizale delako hasi zela azaldu du, eta bolada batean hango administrari izan zela. Epaileak galdetu dio, ea ba al dakien agentzia horrek ETA finantzatzen zuela, eta Garcia Mijagosen hori ezinezkoa dela esan du. Izan ere, bera administrari zen garaian behintzat, enpresak galera besterik ez zuela ematen azaldu du.

Garcia Mijagosen kontrako froga inkriminatzaileak ere ahulak direla azaldu nahi izan du Goirizelaiak, eta bidaia batzuetako mapak erakutsi ditu.

Andori Diaz Urrituaren txanda izan da gero. Gadusmar SL enpresa, bakailaoaren salerosketan aritzen zela berretsi du, eta hain zuzen ere horretara joaten zela Kubara azaldu du. Bakailaoa saltzeko azoketara-eta joaten zela esan du. ETArekin ez duela inolako loturarik nabarmendu du, eta ezta KASekin ere.

Juan Pablo Dieguezi tokatu zaio gero deklaratzea. Horrek ere ukatu egin du ETArekin eta KASekin inolako zerikusirik duenik. Honi, zuzenean ETAkoa izatea leporatzen diote, ETAk kaptatu zuela. Horregatik, Frantziara egiten zituen bidaietan zer egiten zuen galdetu dio defentsako abokatuak. Inportazioan eta exportazioan ibiltzen zela, eta Frantziako gizarte segurantzarekin arazo batzuk izan zituela eta haiek konpontzera joaten zela azaldu du; toki publikoetan egiten zituela mugimendu guztiak.

Azaldu duenez, emaztearekin atuna arrantzatzeko tresnak egiten zituen enpresa bat sortu zuten, baina zaila dela enpresa hark ezer finantzatzea, hasiberria zenez ez zuelako dirurik ematen.

Itzultzaileekin arazoak

Inma Berriozabalek euskaraz deklaratu nahi duela esan du, eta halaxe egiten hasi da. 'Jarrai-Haika-Segi auziaren' epaiketan zeuden itzultzaile talde bera jarri dute, eta han izan ziren arazoak gaur ere azaldu dira.

Berriozabalek ere ukatu egin du ETArekin inolako harremanik duenik, eta ez duela ETA finantzatzen azpimarratu du. Berak lan egiten zuen berri agentziak ez duela ETA finantzatzeko lain ematen azpimarratu du, soldatak kobratzeko ere arazoak izaten zituztelako, askotan.

Epaiketa bertan behera uzteko bigarren eskaria

Defentsako abokatuen taldeak idatzi bat aurkeztu du gaur saioaren hasieran. Agiri horretan, protesta egin dute atzo egindako eskaerak ez zizkietelako onartu. Irregulartasun ugari daudela, eta epaiketa ez hasteko eskatu zuen defentsak. Bestalde, berriz ere eskatu dute dokumentu guztiak eskura edukitzea. Epaimahaiak gaur ere ez ditu haien eskariak onartu, eta epaiketarekin aurrera jarraitzea agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.