Gazteen langabeziari aurre egiteko, enpresek gazteak kontratatzeko kuota bat izatea proposatu du Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak. Atzo arratsaldean Bilbon eginiko ekitaldi batean, Mintegi astean 35 orduz lan egitearen alde mintzatu zen, "belaunaldien arteko erreleboa" bermatzeko.
Neurri horiek zehazteko goiz dela azaldu zuen Mintegik, proposamen eta ñabardura berriak jasotzeko prest dagoelako koalizioa, lehendakarigaiaren hitzetan. Halaber, iragarri zuen hauteskunde programa "aberasteko" asmoz batzar bat egingo dute gazteekin hilaren 12an, Gasteizen.
Beste neurri batzuk ere proposatu zituen Mintegik gazteei begira. Besteak beste, etxebizitza alokairuak sustatzea gehienez soldataren %25 ordainduta; beka programa bat, eta unibertsitateko tasa "gehiegizkoei" aurre egiteko, baina "azken helburua" doako hezkuntza izanik.