EAEko kudeaketa zuzeneko eskola jangeletan zerbitzua eskaintzen duten enpresei «gehiegizkoak eta onartezinak» iruditzen zaizkie sindikatuen eskariak. «Gure borondatea beti izan da negoziatzea, eta hainbat proposamen eraikitzaile egin ditugu sektorea hobetzeko. Baina, zoritxarrez, sindikatuen aldetik ez da jarrera aldaketarik izan», adierazi dute guraso elkarteei, ikastetxeetako zuzendaritzei eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bidalitako eskutitzean.
Enpresek azaldutakoaren arabera, egindako azken eskaintzan datozen bi ikasturteetan soldata igoera Hezkuntza Sailekoen parekoa izatea proposatzen zieten kudeaketa zuzenekoei. «Gainera, hainbat gehigarri ezartzea proposatzen genien, tartean prestakuntzari eta zerbitzuaren hobekuntzari lotutakoak. Horri esker, bi aldeen arteko soldatak nahiko parekatuko lirateke». Gogorarazi nahi izan dute, gainera, lan hitzarmena berritzea dagokien langileek %70eko soldata igoera izan dutela azken bost urteetan. Gainera, «aurreko lan hitzarmenean gutxitu egin zen homologazioaren baldintza».
Erabateko parekatzea nahi dute, haatik, sindikatuek. Horretarako, %5eko soldata igoera eskatzen dute. Lanaldia luzatzea ere eskatu dute, txostenak egin ahal izateko. «Baldintza hori ere onartu dugu, eta prest gaude egiten dituzten beste eskarien inguruan hitz egiteko».
Sindikatuek, ordea, herenegun aurreratu zuten zail ikusten dutela gatazka konpontzea, eta salatu zuten patronalaren aldetik ez dagoela borondaterik negoziazio egutegi bat zehazteko. Gainera, uste dute haien jokabidea bidegabea dela, «langileen diskriminazioaren eta soldata bikoitzaren planteamenduei» eusten dietelako.
Hori kontuan hartuta, aste honetako bigarren greba eguna egingo dute gaur, eta kalera irtengo dira protesta egitera. 60.000 ikasle ingururi eragingo die horrek. Gatazka konpondu ezean, hurrengo bi asteetan ere bi egunetan greba egingo dute.
Enpresen ustez «onartezinak» dira jangeletako langileen lan eskariak
Negoziatzeko borondatea beti izan dutela diote, baina sindikatuek ez dutela jarrera aldatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu