Goñik ukatu egin du bulegoen irekiera neurrigabekoa izan dela. Esan du unean uneko informazioarekin hartzen direla erabakiak eta, gainera, erabaki horiek ez direla hartu testuinguruz kanpo. 2001etik 2008ra, kasu, ingurunean bulego gehien Kutxak (%88) ireki zuela azaldu du, eta ondoren Rural Kutxak (%76) —CANek, %44—. Uste du CANek zabaltzea berandu hasi zuela, 1994tik 2002ra Nafarroan kontzentratu zelako.
Goñik dioenez, "etengabe" sustatu dituzte herritarrak ekintzaile izatera: "CAN ekonomikoki eta sozialki ekintzaile izan da, eta helburu batzuk bete ditu". Esan du bidegabea dela CANi leporatzea nazioartera hedatu dela, beste enpresa batzuri beranduegi hastea leporatzen bazaie.
Onartu du bere akats nagusia izan dela aurrezki kutxak ez duela eledunik izan azken urteetan finantza erreformaren prozesua, "tsunamia", azaltzeko. "Nire akatsa izan da. Akatsa egitea gizakien kontua da, eta hori zuzentzea, jakintsuen kontua", azaldu du. Azken urteetan finantza araudietan "tsunamia" egon dela aipatzean esan du araudietan ez dela egonkortasunik egon. "Zergatik Banca Civica eta zergatik bazkide horiek?", galdetu dio bere buruari. Bakoitza —Cajacanarias, CAN, Cajaburgos eta Cajasol— liderra zen bere lurraldean. Dena den, bakoitzak taldeari egindako ekarpena zerrendatzeaz gain, "osagarriak" zirela adierazi du.
Irregulartasunak eta ilegalitateak egon direla ukatu du, eta "etika arduratsuaz" jokatu dutela azpimarratu du Goñik. "Gure helburua izan da erakunde honi mesede egitea". Nabarmendu du Nafarroako Kutxa ez dela desagertu, "bere esentzia banku handi batean [Caixabank-en]" dagoelako.
Inbertsioak hizpide
Inbertsio polemikoen gainean ere hitz egin du Goñik. Inbertsio horiek ikerketa judizialpean daude. Oro har CANek inbertsio horietan irabazi edo gainbalioak izan zituela esan du: Aunan, 3 milioi inguru; Anca Corporaten, 13,9 milioi; Camponoble eta Guascorren, 44,6 milioi eta Angel Iglesiasen Ikusi enpresan, 11,4 milioi. Enpresa teknologikoetan inbertitzen zuen Marco Polo Investments enpresan soilik izan zituen galerak, 2,2 milioi euro ingurukoak, Goñiren arabera.
Azalpen teknikoetan sartu da Goñi. Haren esanetan, 2002tik 2009ra kutxaren kapitala kontsumitzen duten Arriskuak Haztatutako Aktiboak ez dira handitu. Balantze aktiboak 19.000 milioi eurokoak ziren 2009an, eta Arriskuak Haztatutako Aktiboak, 11.000 milioi eurokoak. "Alderantziz balitz, esan liteke neurrigabeko hazkundea egon dela, baina ez da horrela izan".
Burtsaratzea
Goñik azaldu du burtsara atera zirela 2011ko udan, urte hartako otsailean Espainiako Gobernuaren dekretuak bultzatu zituelako. Dekretu hark oinarrizko kapitala %10ekoa izatera behartzen zuela eta bazkide batek partaidetzaren %20 ez izatera. Burtsara jo ezean, FROB funts publikoari laguntza eskatu beharko lioketela esan du. "Burtsara irtetea oso bide zaila izan zen. 2011ko ekainean, nazioarteak mesfidantza itzela zuen kutxekiko". Erregulatzaileen kontrola oso handia izan zela gaineratu du.
Goñiren arabera, burtsaren irteera arrakastatsua izan zen, baina 2011ko uda hartan, abuztuan, finantza merkatuetan mesfidantza handia sortu zen, besteak beste Espainian, eta arrisku saria igo. "Ulertzen dut nafarrek ez dutela zertan zer gertatu den, baina hemen inork aurreikusi ezin zuen ekaitz erregulatzaile bat egon da, eta, ondoren, ekonomiaren erorketa. Hori ez zuen inork aurreikusi", adierazi du.
Goñik onartu du bere itxaropena zela Banca Civica "bosgarrena" izango zela kutxek gidatutako finantza taldeen artean. Haren esanetan, egun haietan Merkozy-k Espainiari baldintza zorrotz haiek ezarri izan ez balizkie, "gaur" egoera bestelakoa litzateke. "Gaur ez ginateke hemen egongo. Hilabete haietan inork ikusi gabeko gauzak gertatu ziren".
Ondarearen galera
Goñiren esanetan, aintzat hartu behar da urte batetik bestera unean uneko egoeraren arabera baloratu behar direla aktiboak. "Ekonomia ondo badoa", 1.000 milioi euroko ondarea duen erakunde batek etorkizunean horniduretara diru gehiago jarri behar ez duenez, beste batek erosi nahi badu bere kapitalaren prezioa handitu egingo da negoziazioetan, 1.000 milioi baino gehiago. Alderantziz, ordea, ekonomia gaizki badoa, horniduretara diru gehiago jarri behar duenez, prezioa jaitsi egiten da".
"Hau ez da Nafarroako Kutxaren auzia soilik, baizik eta sektore osoarena", argudiatu du. Haren arabera, Oliver Wymanek iragan irailean egindako erresistentzia azterketaren irizpideak ezarri izan balira, "ziurrenik CAN ez litzateke bideragarria".
Alderdiak, lehenik
Haren aurretik, alderdiek hartu dute hitza, baita ondoren ere, galderen txandan. Bilduko Maiorga Ramirezek "egia osoa" esateko eskatu dio. Aralar-Nabaiko Txentxo Jimenezek gogorazi die "azkenik" parlamentura etorri direla, euren kudeaketaren ondorioa jada "saihetsezina" denean.
UPNko Carlos Garcia Adanerok gogorazi du Goñi eta haren taldea borondatez etorri direla: "Amaiera idatzia dago, aldez aurretik egindako hiru minutuko hitzaldian jada atera dutelako ondorioa parlamentu talde batzuek". PSNko Roberto Jimenezek azpimarratu du gaurko agerraldia "oso garrantzitsua" dela. Geroa Baiko Manu Aierdik "eszeptizismoz" ikusten du gaurko agerraldia, baina "ondo landu" dutela esan du.
Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi eta Banca Civicako presidente ohia aurrezki kutxaren desagerpenari buruzko azalpenak ematen ari da parlamentuko Ekonomia batzordean. 2002tik 2012ra egindako kudeaketa defenditzen ari da. Goñirekin batera daude kutxako arduradun izandako hainbat lagun; Jose Antonio Asiain, Jose Antonio Sarria, Jose Luis Erro, Luis Colina eta Javier Martinena.
Aurreko astean Nafarroako 400 enpresabururi igorritako idatzian, Goñik adierazi zuen bere huts nagusia izan dela behar besteko azalpen publikorik ez ematea. Gaurko agerraldi erabakigarriaren atarian, Kontuz plataformak agintaldiko hainbat kontu ilun argitzeko exijitu dio Goñiri: kudeaketa, hirigintza proiektuak, irekitako bulegoak eta beste hainbat inbertsio.