'CAN auzia'

Enrique Goñik dio Espainiako Bankuak babestu egin duela bere kudeaketa

Kongresuan Nafarroako Kutxako zuzendari nagusiak azpimarratu du Nafarroako Kutxa beste erakundeak baino hobeto zegoela.

Antonio Pulido eta Enrique Goñi Banca Civicako bi presidente ohiak. FERNANDO ALVARADO / EFE
joxerra senar
2018ko otsailaren 27a
17:31
Entzun

'Deja vu' Kongresuan. 2013ko otsailaren 20an egin bezala, Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari nagusiak bere zuzendaritza taldearen profesionaltasuna eta kudeaketa ona azpimarratu nahi izan ditu. Espainiako Bankuaren txostenetako aipamenak erabili ditu azpimarratzeko aurrezki kutxari gertatutakoa ez zela izan kudeaketa txar baten ondorioa.

Finantza krisiari buruzko saioan parte hartu du gaur goizean Banca Civica bankuko beste ordezkari batzuekin batera. Hasieratik nabarmendu nahi izan du "iritzi gutxi eta informazio asko" emango dituela. EAJko Idoia Sagastizabalek galdetu dio zer iritzi duen bere kudeaketaz. Goñik hari buruz hitz egitea "subjektiboa" izatea izango litzatekeela erantzun dio, eta jarraian Espainiako Bankuaren txostenen aipuak irakurri ditu. Bertan, aurreko zuzendaritza taldearen aldean berea hobea zela aditzera eman nahi izan du.

Bere ustezko kudeaketa ona azaltzeko esan du 2002an berankortasun tasari dagokionez Espainiako kutxen sistemako 17. postua zuela CANek eta 2012an 8.a. Nahiz eta postuan gora egin, ironikoki, urte hartan Caixabankek xurgatu zuen. Era berean, ukatu egin du kutxa desagertu dela. "2012ko errege dekretutik ez dago aurrezki kutxarik, bi erakunde kendu. Gainerakoak fundazioak dira, eta CAN fundazioaren ondarea zortzigarrena da".

Salmentari buruz

EH Bilduk galdetu dio nolatan saldu zen 1.200 milioi euroko ondarea zuen erakunde bat 200 milioi euroren truke. Goñiren arabera, 2008tik 2011ra bitartean maileguen berankortasun tasa %3tik %10era igo zen, eta zazpi punturen alde horretan datza diferentzia handia. "Arriskuen araberako aktiboak 14.000 milioi eurorenak badira, horien arriskua estaltzeko hornidurak 1.000 milioi eurorenak izan behar dira. Labur esanda, horretan datza diferentzia".

Goñik azpimarratu du ez zuela kudeaketa oldarkorrik egin. Gainera, esan du beste erakunde batzuen aldean CANek menpekotasun txikiagoa zuela eraikuntza eta higiezin sektorearekiko. "Hori ez dio Enrique Goñik, Espainiako Bankuak baizik".

Ukatu egin du bere soldata bost bider handitu izana 2005etik 2010era bitartean. Bai eta aurrezki kutxak pagatutako pentsio funtsa duela ere.

"Soldatapeko salatzaileak"

EH Bilduko Oscar Matutek galdetu dio ea Ricardo Marti Fluxa Segurtasun idazkari ohia administrazio kontseiluan sartzea lagundu zuen eta ea Bartzelonako garaitik ezagutzen zuen. Galdetu dio, era berean, torturatzeagatik zigortutako Guardia Zibilaren bi agintari sartu al ziren CANen segurtasun arloan lan egitera. Ez du erantzun nahi izan, eta esan du aipamenok "soldatapeko salatzaileen" gauzak direla.

Bere garaian Nafarroako Kutxak egindako hedapen plana defenditu du. Haren esanetan, 2000. urtean bulegoen %88 zituen Nafarroan, eta arriskua dibertsifikatu nahian zabaldu zen beste lurraldeetan. 2004 eta 2008 artean 360 milioi euro inbertitu zituen ehundik gora bulego irekitzeko Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan, Bartzelonan, Madrilen, Aragoin... Goñiren arabera, denbora behar zuten bulego horiek negozioa garatzeko.

Washingtonen irekitako bulegoa erabaki ona izan zela esan du. Iñaki Urdangarin eta Cristina Borboikoa izan ziren bertan, baina, Goñiren arabera, ez zieten dirurik ordaindu. EH BIlduk galdetu dio ea 20 milioi euroko kostua izan zuen operazio hark. Ez du erantzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.