EUSKAL HERRIA

Entitate publikoen kopurua %26 urrituko du Jaurlaritzak

Teknologia parkeak eta industrialdeak bateratu egingo dituzte, eta Pasaiako portuko Jaizkibia elkartea eta Bilbao Ria 2000 elkarteak likidatuko. Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak izan du, beraz, mozketa handiena. Erakunde handi batzuetan, goi karguak kenduko dituzte: Osakidetzan, adibidez, 110etik 88ra pasatuko dira agintariak. Bideoa: Urkulluren adierazpenak. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1847/[/berriatb]

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 30a
19:31
Entzun

Ikasturteko azken gobernu kontseilua izan du gaur Eusko Jaurlaritzak, eta sektore publikoaren egitura murrizteko plan bat onartu du: %26 txikituko dute Jaurlaritzako bertako eta haren menpeko erakundeen egitura, eta %21eko mozketa eragingo du gastuan.  ”Administrazioa eredugarri izan behar da egoera honetan”, esan du Urkulluk.

Plana ez dute hedabideen aurrean aurkeztu, baina BERRIAk eskuratu ahal izan du proiektu osoa. Bostehun orri baino gehiago ditu, eta azterketa xehea egiten du erakundez erakunde. 192 erakunde dira orain, eta 142 izatea da Jaurlaritzaren proposamena.

Mozketa handiena Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak jasango duela aurreratu du agerraldian lehendakariak. Planean, jaitsiera handiena teknologia parkeek eta industrialdeek dute. Teknologia parkeen kasuan, hiru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bateratu egingo dituzte guztiak. Industrialdeak, berriz, herrialdeka antolatuko dituzte: Gipuzkoako zazpiak batean bilduko dira, Bizkaiko laurak bezala; Araban bakarra dago, eta horrela segituko du. Horiekin batera, herriz herri industria garatzeko sortutako sozietateak bertan behera uzteko asmoa du Jaurlaritzak, eta beste batzuetan akzioak salduko ditu.

Azpiegiturak garatzeko sortutako erakunde hainbaten bidea ere amaitu da. Pasaian, portua garatzeko sortutako Jaizkibia erakundea desegiteko asmoa du Jaurlaritzak, eta berdin Bilbao Ria 2000 erakundearekin ere. Zor handiak pilatu dituzte biek.

Hezkuntzan ere badira aldaketak: Lanbide Heziketa bultzatzeko Hobetuz fundazioak ez jarraitzea proposatu dute, eta Lanbide zerbitzuko zati izatea hemendik aurrera. Areago, planean ez dute zehatz hori esan, baina Haurreskolak partzuergoa desegiteko bidea zabaldu du Urkulluren gobernuak. Azaldu du Espainiako Gobernua prestatzen ari den tokiko entitateen lege berriaren eraginez litekeena dela partzuergo horretako eskolak Hezkuntza Sailera igarotzea.

Desegin ez, txikitu bai

Erakunde handiak ez dituzte desegingo, baina mozketak badira horietan ere, aginte postuetan. Osakidetzan, esate baterako, 110 arduradun nagusi ez dira izango, 88 baizik. EITBn, hamar ez, zazpi izango dira. Beste erakunde batzuetan ere badira era horretako mozketak.

Langileen kopuruari eta zerbitzuaren kalitateari eusteko asmoa hasieratik agertu zuen EAJren gobernuak. Gaur ere hori bera berretsi du Urkulluk, baina galdetu diotenean desegindako erakundeetako langileekin zer gertatuko den, esan du "saiatu" egingo direla lanpostu finkoa duten langileei eusten. 

Plana parlamentura igorri dute gaur bertan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.