sanferminak

Entzierro azkarra eta garbia izan da bigarrena

Bi minutu eta hogei segundoren bueltan osatu dute ibilbidea Dolores Agirre ganadutegiko zezenek. Hiru lagun zauritu dira, horietako bat larriki. Bideoa: bigarren entzierroa (La1).

2014ko uztailaren 8a
13:23
Entzun

Azkar osatu dute ibilbidea Dolores Agirre ganadutegiko zezenek (Sevilla, Espainia). Hasierako segundoetan taldea elkarrekin joan da, baina zezenetako bat erori egin da Mercaderes inguruan, eta banatuta egin dute amaierara arteko bidea. Lehen laurak elkarrekin sartu dira zezen plazara; handik segundo gutxira heldu da bosgarrena, eta geroago seigarrena.


Ez dago adarkaturik, baina gizonezko bat larriki zauritu da. Eguerdian jakinarazi dutenez, Erresuma Batuko 23 urteko gaztea da, eta Estafeta inguruan zauritu da. Traumatismo torazikoa du, eta saihets hezurrak apurtuta. Gurutze Gorriak hamabi lagun artatu ditu oro har, eta bi gizonezko eraman dituzte ospitalera, biak kolpeengatik —bular aldean eta hanka batean—. 36 urteko iruindarra da bata; Telefonica inguruan hartu du min. Bestea Mercaderesen zauritu da; 23 urte ditu, eta japoniarra da. 

Nafarroako DYAk beste hiru lagun artatu ditu, bi kolpeengatik eta beste bat urradura batengatik.


Ohiko jokabidea izan dute Dolores Agirre ganadutegiko zezenek. Normalean, azkar egin ohi dute korrika, eta ohikoa izaten da zezen bat edo bi atzean geratzea. Halaxe izan da gaur ere. Gaurkoa barne, hamabost aldiz korritu dute sanferminetako entzierroa Sevillako ganadutegiko zezenek; hamalau lagun adarkatu dituzte guztira.


Atzokoa, arriskutsuagoa

Sanferminetako bigarren entzierroa izan da gaurkoa. Atzo, jaietako lehena, bizkorra, bizia eta arriskutsua izan zen. Bi minutu eta hogeita bost segundo iraun zuen, eta adarkada bakarra egon zen. Zezen kopuruari dagokionez, ezohiko entzierroa izan zen: normalean sei zezenek egiten dute entzierroa, baina atzo bost besterik ez zen irten, herenegun zezen batek min hartu zuelako.


Entzierroek ordenantza berria dute aurten, eta isunekin zigortuko dituzte araudi berria urratzen dutenak. Atzo heldu zen lehena:  200 euro, suziria bota zuten unean muga zehazten duen marra gorria igarotzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.