El Pilar ganadutegiko zezenek entzierro garbia burutu dute gaur goizean, Iruñeko sanferminetako laugarren entzierroan. Adarkaturik ez da izan, asteartea izateko jende asko zegoen arren. Osasun zerbitzuen lehen balantzearen arabera, lau korrikalari bidali dituzte ospitalera, hiru kolpea jasota, eta bat, zezenek zapalduta.
Santo Domingo kalean idiak, ohi denez, aurretik atera dira, eta mantso antzera atera da taldea. Zezenek, ordea, abiadura hartu dute aldapa gora, eta aurretik ziren jada aldapa erdira iritsitakoan. Lau zezen izan dira azkarrenak leku horretan.
Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean ez da erorikorik izan gaur, eta sei zezenak elkarrekin sartu dira azken kale horretan. Gaur atzo ez bezala ez da aukera askorik izan zezenen aurrean jartzeko. Abiadura azkarra hartu dute, eta korrikalari asko erori dira. 2 minutu eta 20 segundo iraun ditu gaurko entzierroak.
Uztailak 7. 2:53ko iraupena. Adarkada bat. Ganadutegia: Dolores Aguirre.
Uztailak 8. 2:29. Adarkadarik ez. Ganadutegia: Miura.
Uztailak 9. 3:32. Hiru adarkatu. Ganadutegia: Cebada Gago.
Uztailak 10 (gaur). 2:20. Adarkaturik ez. Ganadutegia: El Pilar.
Uztailak 11 (bihar). Ganadutegia: Fuente Ymbro.
Uztailak 12 (osteguna). Ganadutegia: Victoriano del Rio.
Uztailak 13 (ostirala). Ganadutegia: Juan Pedro Domecq.
Uztailak 14 (larunbata). Ganadutegia: Torrehandilla/Torreherberos.