Sanferminetako entzierroetan segurtasuna handitze aldera hainbat neurri ezartzea proposatu du Iruñeko Udalak. Ordenantza bat prestatzen ari da, eta espero du aurtengo sanferminetarako indarrean egotea.
Ordenantza horretan, entzierroetan jarrera "desegokiak" izateagatik falta arinak, larriak eta oso larriak arautu nahi ditu udalak, eta horien araberako zigorrak zehaztu. Atzo arratsaldean egin zuen bilera entzierroari buruzko lantaldeak, eta bertan izan zuten mintzagai ordenantza.
Besteak beste, udaletxeko plazan korrikalariei informazioa emateko pantaila bat jartzea ere proposatuko du udalak. Horrez gain, turistei zuzendutako informazio kanpaina bat egin eta zezen plazara sartzen den jende kopurua kontrolatu nahi du udalak.