Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak

"Entzun eta herriarekin egin" nahi du politika Larrionek

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EH Bilduren Arabako zerrendaburu Miren Larrionek adierazi du "siglen gainetik, herriak eskatzen duenari” erantzun behar zaiola. Otegirentzat “ohore bat" da hura aurkeztea eta harekin hautagaitza konpartitzea.

Miren Larrion eta Arnaldo Otegi, gaur, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Berria
2016ko uztailaren 26a
08:37
Entzun

"Herriak esan ziguna egin genuen Gasteizen. Entzun eta herriarekin egin. Hori izan behar da politika", esan du Miren Larrionek. Eusko Legebiltzarrerako EH Bilduren Arabako zerrendaburuak agerraldia egin du gaur, Gasteizen, eta adierazi du "erronka ilusio handiarekin" onartu duela. "Hitzetik haratago, lana izango da nire eskerrak emateko modua".

Gainera, ziurtatu du legebiltzarrera eramango duen eredua izango dela "siglen gainetik, herriak eskatzen duenari" erantzuna ematea. Gasteizen egindako lana gogorarazi du –kasurako, Javier Maroto PPkoak alkatetza hartzea eragotzi zuten; zinegotzi da Larrion–, eta azaldu du legebiltzarrera eramateko asmoa duela: "Hemen egiten ari den lanak, ematen ari den fruituak, lortzen ari garenak, balio du. Eta balio hori ez da nirea, balio hori kolektiboa da. Denbora gutxitan Gasteiz bihurtu da gauzak beste moduan egiteko erreferentean".

Agerraldian izan da EH Bilduko lehendakarigai Arnaldo Otegi ere. Esan duenez, "ohore bat" da gaur Miren Larrion aurkeztea eta harekin hautagaitza konpartitzea. Arabako zerrendaburuaren hautagaitza goraipatu du, koalizioa "lanean ari delako" hautagaitzarik "hoberena aurkezteko", eta Larrionen kasua horren froga dela gaineratu du.

Otegik gogorarazi du ezin dela lortu "aldaketa sozialik subiranotasun nazionalik" gabe, ezta "proiektu eraldatzailerik ere jendea entzun eta kontuan hartu gabe". "Eztabaida kolektibo orokorra" behar dela esan du, "denon artean, elkarrizketa permanente batean herri honen proiektua eraikitzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.