Energia eolikoa ekoizteko azpiegiturak zabaltzeko erritmoa izan zuten hizpide atzo Hernanin (Gipuzkoa), Hernani Burujabek antolatutako eztabaida batean. Alor ezberdinetako bi kideren arteko mahai ingurua izan zen, Irati Sarasua kazetariak gidatua. EH Bizirik-eko Alain Arrutik eta Otxandioko (Bizkaia) energia komunitateko kide Aritz Otxandianok erantzun zieten Sarasuak egindako galderei. Gehienbat, haize errotak zabaltzeko erritmoaz aritu ziren, zer behar dauden azaldu zuten, eta egoerak sortzen dituen erronkak aletu; Otxandianok, orokorrean, beharrezko ikusten du azpiegitura handiak azkar baina ondo zabaltzea, eta Arruti, aldiz, mesfidatiagoa da.
Eztabaida serioa izan zen Hernanikoa: argudio eta jarrera sendoak plazaratu zituzten bi parte hartzaileek, errespetuan oinarrituta, arinkeriatan eta argudio sasizientifikoetan erori gabe. Izan ere, klima aldaketari dagozkion eztabaidetan, handitzen ari dira morboa ardatz duten ika-mikak, guztiz kontrako iritzia dutenak elkartu eta eztabaida erridikulu bihurtzen dutenak. Atzokoa ez zen horietako bat izan.
Energia eolikoaren gaian sartuta, zera izan zen Otxandianoren eta Arrutiren arteko talka nagusia, zenbateraino den beharrezkoa argindar hori ekoizteko azpiegitura handiak zabaltzea. Otxandianoren iritziz, beharrezkoa da tokiko energia komunitateak eta argindarra ekoizteko puntu txikiak garatzea, baina beharrezkoa ikusten du azpiegitura handiak eraikitzea ere, garbi baitu «ekoizten den megawatt berriztagarri bakoitzeko» eragotzi egiten dela «erregai fosilen bidez megawatt bat sortzea». Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaio sektore pribatua eta publikoa inplikatzea, baina, aldi berean, uste du ezinbestekoa dela «aldaketa sakonak» egitea bi esparru horietan, baita gizartean ere.
«Elektrifikatzea eta argindar hori berriztagarria izatea da moduetako bat mix fosil hori ordezkatzeko egun ditugun baldintzak askorik aldatu gabe»
ARITZ OTXANDIANOOtxandioko energia komunitateko kidea
Otxandianok ez zuen ukatu energia gutxiago kontsumitzea eta halako gaiak garrantzitsuak direnik klima aldaketari aurre egiteko, baina garbi du, era berean, argindarra sortzeko iturriak aldatu egin behar direla, berriztagarrien mesedetan: «Elektrifikatzea eta argindar hori berriztagarria izatea da moduetako bat mix fosil hori ordezkatzeko egun ditugun baldintzak askorik aldatu gabe». Horregatik uste du haize errota handiak ere beharrezkoak direla, baina okertzat jo zuen zeregin hori enpresa multinazional handien esku uztea, eta argudiatu zuen hainbat tresna garatu behar direla: sektore publikoak gutxieneko parte hartzea izatea, proiektuak tokiko komunitateekin elkarlanean egitea, lurralde plan sektorial zehatz eta zorrotzagoak egitea...
Arrutik ez zuen zalantzan jarri argindar berriztagarria ekoizteko azpiegiturak beharrezkoak direnik; kontrara, hark ere uste du mix elektrikoa irauli beharra dagoela, baina iruditzen zaio plan estrategiko bat behar dela benetako aurrerapausoak egin eta helburu horretara iristeko; iritzi dio «gaur egun» ez dagoela halakorik. Hori izan zen funtsean, eztabaida osoan, Arrutiren eta Otxandianoren arteko desadostasun nagusia. Otxandianok esan zuen eolikoak zabaltzeko orduan «lidergo publikoa» behar dela, eta hori ere ondo ikusten zuen Arrutik, baina gogorarazi zuen berriztagarrien ekoizpenaren %95 sektore pribatuaren esku dagoela. Arrutik uste du «arlo publikoaren eta pribatuaren» arteko dikotomia faltsu bat dagoela, orokorrean erregai fosilen sektorea arlo pribatuarekin lotzen delako, baina erregai horien esplotazioaren %50 erakunde publikoen esku dagoelako.
Klima aldaketaren gakoak
Mix elektrikoa aldatu beharra dagoela onartuta, Arrutik azaldu zuen berriztagarriak ez direla zabaldu erregai fosilak ordezkatzeko, baizik eta herrialdeen energia kontsumoaren handitzea estaltzeko: «1985ean, argindarraren %60 iturri fosiletatik ekoizten zen, eta orain ere hala da. Erregai fosilen ordezkapenik ez da izan». Horrez gain, uste du egungo zenbait joerak —Europaren militarizazioa eta berrindustrializazioa— are gehiago handituko dutela energia kontsumoa, eta hain zuzen, egoera iraultzeko aukera bakar gisa jo zuen horren aurka antolatzea: desmilitarizazioa defendatu zuen, baita kontsumoa apaltzea eta ekoizpen baliabideak sozializatzea ere.
Argindarrak duen pisuari garrantzia kendu gabe, Arrutik azaldu zuen klima aldaketan beste sektore askok ere eragiten dutela, eta gogorarazi klima aldaketa fenomeno globala dela, mugarik kontuan hartzen ez duena. Hain zuzen, argudiatu zuen tokiko aldaketek ez dutela transzendentzia handirik: adibide gisa, AEBetako Defentsa Ministerioaren isuriez aritu zen, hainbat herrialdek baino gehiago kutsatzen baitu Pentagonoak. Hori horrela, kapitalismoaren ekoizteko modu kaotikoa eta gainprodukzioa jarri zituen larrialdiaren erdigunean, eta ekoizpena planifikatzeko beharra defendatu: «Onartu dezaket parke eolikoak jartzea, baina, horren gainetik, gure gizartea aldatzeko praktika politikoa behar da».
«1985ean, argindarraren %60 iturri fosiletatik ekoizten zen, eta orain ere hala da. Erregai fosilen ordezkapenik ez da izan»
ALAIN ARRUTI Euskal Herria Bizirik-eko kidea
Otxandianok, baina, tokian-tokian esku hartzearen garrantzia plazaratu zuen, Nafarroako adibidea jarrita. Izan ere, XXI. mendearen hasieran, EAErekin alderatuta, parke eoliko askoz gehiago bultzatu ziren Nafarroan, eta, horregatik, kontsumitzen denaren %80 bertan ekoizten da, Otxandianoren esanetan.
Iraultzarako aukerez
Arrutik uste du klima aldaketari «benetan» aurre egingo dion gidalerro estrategiko bat izateko aldaketa handiak behar direla gizartean, eta horretarako antolatu beharra dagoela. Otxandiano ez dago ados horrekin, haren iritziz egun «ez baitago baldintza objektibo eta subjektiborik iraultzarako»; horren adibidetzat jo zuen eskuinaren igoera, eta gizartean ez duelako ikusten antolakuntzarik halako erroko aldaketarik posible egin dezakeenik. Are gehiago, aukera handiagoa ikusten du «iraultza negazionista bat izateko, bestelako bat baino».
Hala ere, beste arlo batzuetan bai, uste du badagoela modua gizartearen parte handi bat artikulatzeko; energia komunitateak sortzeko, besteak beste: «Gizarte aberats bat gara, eta gehienek badute aukera teilatuan plakak jartzeko. Jarri beharko lituzkete, eta beren diruaren zati bat erabili horretarako, deskarbonizazioarena beren ardura ere bada eta».
Iraultzari dagokionez adierazitako ezkortasun horren harira, filosofia politikotik tiraka, Arrutik dio indarrean diren joerek —eskuindarrak, kasu honetan— aurkako joerak sortzen dituztela, eta halako krisi garaietan aukerak izaten direla erroko aldaketak helburu dituen antolakuntza sare bat artikulatzeko: «XX. mendeko historiak hala erakutsi digu». Beraz, Arrutik adierazi zuen ez dela egia joera natural bat dagoenik gizartean eskuinera jotzeko.