Xabier Agirre Ibañez (Gasteiz, 1980) 2011ko urrian atxilotu zuten, Belgikan, Ventura Tome iheslariarekin batera. Tome atxilotzera joan, eta hura etxean hartzea egotzi zioten orduan. Espainiaratu egin zuten urte bereko abenduan. Auzitegi Nazionalak sei urte eta erdira zigortu berri du, eta Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain zegoen.
Gaur, epaile aurrera joan beharra zuen, baldintzapeko askatasuneko baldintzak berrikusteko, eta espetxeratzeko agindu du epaileak, haren aurkako epaia irmoa ez izan arren —Gorenak ez du oraindik epairik jakinarazi—. Hala Bedi irratiak jakinarazi duenez, Soto del Realeko (Madril) kartzelan sartu dute.
2013an, kateatuta
2013ko maiatzean ere atxilotu zuten Agirre, bi urteko beste zigor bat betetzeko. Espetxeratze agindua jaso ondoren, kartzelara aurkeztu beharrean, Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzan kateatu zen. Ertzaintzak atxilotu zuen, eta aske geratu zen ordu batzuen buruan.
Ez da lehen aldia Gorenak epaia irmo egin aurretik norbait espetxeratzen dutena. Hala egin zuten, esaterako, Segiko kide izateagatik zigortu zituzten azkenengo lau gazteekin, eta atxiloketak legez kanpokoak izan zirela salatu zuten abokatuek.
Bihar, elkarretaratzea
Atxiloketa salatzeko, elkarretaratzera deitu du Eleak mugimenduak, biharko. 19:00etan bilduko dira Andra Mari Zuriaren plazan, "salbuespen legeak" salatu eta Agirre aska dezatela eskatzeko.