Epaiak zalantzan jarri du auzipetuek "modu librean" deklaratu zutela

Manuela Fernandez Prado buru duen epaimahaiak ez die baliorik aitortu polizia aurreko deklarazioei, eta hori da absoluziorako erabili duen arrazoi nagusietakoa.

Absoluzioa jaso duten gazteak, torturaren kontrako kamisetak jantzita. J. DANAE / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2014ko ekainaren 11
07:29
Entzun

Gazteek salatu zuten epaiketa baino lehen eta epaiketan bertan: "Torturapeko deklarazioak dira epaiketa honen oinarria". Espainiako Auzitegi Nazionala ez da sartu tortura salaketak egiazkoak ziren ala ez ebaztera, baina kontuan hartu ditu gazteek azalarazitako kontraesan batzuk. Hona pasarte batzuk:

Fase prozesalaren aurreko deklarazioek ez dutela baliorik, ekarri du gogora absoluzioa arrazoitzeko lehen puntuan: "Polizia aurreko deklarazioek ez dute baliorik errugabetasun presuntzioari balioa kentzeko". Horretarako, Auzitegi Konstituzioanalak ezarritako jurisprudentzia erabili du: "Atestatua ezin da froga baliabide gisa erabili".

Istanbulgo Protokoloa erabiliz auzipetuen perituek aurkeztutako frogak aztertuta, haiek ohartarazitakoa kontuan hartu du epaiak: hau da, "estres egoera batek" erreakzio emozionalak eragin, atxilotua bere onetik atera eta "shock egoera" bat ekar dezakeela, eta konfiantzazko pertsonekin egonda soilik lor daitekeela egoera hori "normalizatzea", "ez beti". "Torturaren ikerketarekin lotutako datu bat da, ezagutza klinikoaren ondorio, eta kontuan izan behar dugu hori galdeketa judizialen emaitzak aztertzean, [horiek] inkomunikazioren espazioan bertan ematen direnean".

Datuak eta frogak

Auzipetuen salaketak aztertuta, hainbat datu ere aipatu dituzte epaileek, datu horiek "erabateko zuhurtziaz" jokatzera behartu dituztela gaineratuz. "36 auzipetuetatik, zortzi atzerrian atxilotu zituzten [Erroman eta Ipar Euskal Herrian], epaile aurrean deklaratu zuten eta guztiek heldu zieten ez beren buruen aurka ez deklaratzeko eskubide konstituzionalari (%100)". Horren aurka, Espainian atxilotuei buruzko datuak eman dituzte: "Sarekadaren gauean atxilotutako 28etatik, 22k beren buruaren aurka deklaratu zuten polizia etxean (%78,57k), eta aparte epaitutako lauak kontuan hartuta, %81,26k".

Atxilotuetako bat antifaza jantzita eduki zutela ere aipatu dute epaian, Espainiako egunkari batean atera zuten argazkia erabilita. "84.488 lekukoak, auzipetu harekin jardun zuenak, ez zuen atxilotuei ikusmena galarazteko motiborik ematen jakin izan, haren irudia babesteko zela esan zuen arren. Zentzumenak murriztea nazioarteko torturaren metodoak ikertzeko eta dokumentatzeko manualean jasoa dago, pertsona desorientatzen duelako eta bakartzea larriagotu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.