Bukatu da Udalbiltzaren aurkako epaiketa. Ez auzia. ETArekin lotura zuelakoan, 2003ko apirilean egin zuten haren aurkako polizia operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, joan den uztailaren 15ean ekin zioten epaiketari, eta gaur 15:45ak aldera amaitu da, auzipetuek azken hitza hartuta.
Uztaileko saioetan bezala, ETAko kideak direla ukatu dute akusatuek eta Udalbiltza Euskal Herria eraikitzeko proiektua zela gogoratu dute berriro, aniztasuna bilatzen zuela, ez zela inoren kontrako egitasmoa eta bakerako tresna ere izan nahi zuela. Euskal gizarteko hainbat esparrutan bakegintzarako ematen ari diren pausoak kontuan hartuta, Maribi Ugarteburuk auzipetu denen izenean epaimahaiari eskatu dio etorkizun horretarako "ateak ez ixteko" Udalbiltzaren aurkako epaia emanda.
Joseba Garmendia auzipetuak ere hitz egin du. Euskal Herriko udal erakundearen jarduera politikoa, demokratikoa eta jendaurrekoa izan zela gogoratu die epaileei, eta zazpi urte hauetan bizi izan dutena "oso gogorra" izan dela nabarmendu du. "Justizia" eskatu du.
Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak ez du jakinarazi du noiz emango duten epaia, baina epaileen xedea "ahal den azkarren" ematea dela esan die auzipetuei gaur. Bermudez bera izan zen Egunkaria auzian itxiera kasuko epaimahaiburua; joan den otsailaren 1ean amaitu zen epaiketa eta apirilaren 12an eman zuten epaia -absoluzioa-.
21 auzipetu daude Udalbiltza auzian. Fiskalak 20rentzat hamarna urteko kartzela zigorra eskatu du -Xabier Alegriarentzat ez du zigorrik galdegin-. Dignidad y Justicia herri akusazioak 21 auzipetuentzako 14 eta 23 urte arteko espetxea eskatu du. Defentsak, absoluzioa.
Udalbiltzaren aurkako frogarik ez dute aurkeztu
Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik ez dute aurkeztu akusazioek epaiketan zehar. Polizia lekuko batek aitortu zuen eraikuntza nazionalaren aldeko lanak ez duela esan nahi ETA babesten denik, eta Udabiltzaren aurkako frogarik ez daukatela.
Auzipetuek uztailean esan zuten Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen; halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela. Defentsako lekukoek berretsi egin zuten auzipetuen azalpena.
Euskal gizartearen babesa gaur ere
Auzipetuak atxilotu zituztenetik euskal gizarteko sektore zabalen babesa jaso dute hainbat erako ekintza eta mobilizazioen bidez, eta gaur ere babes hori irudikatu dute berriro Madrilen, Euskal Herritik elkartasuna adieraztera joan den ordezkaritzaren bidez.
Besteak beste, han izan dira Patxi Urrutia ezker abertzaleko kidea, Rebeka Ubera Aralarren ordezkaria Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Ander Rodriguez Alternatibakoa, ELA, LAB, EILAS, ESK eta Hiru sindikatuetako ordezkariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Joxean Lizarribar BERRIA argitaratzen duen EKT enpresako burua, Martxel Toledo ESAITekoa, zein EHGAM, Ipar Hegoa, Bai Euskal Herriari, Hik Hasi eta CAFeko langile batzordeko ordezkariak.
Udalbiltza auzia
Epaiaren zain
Gaur arratsaldean amaitu da Udalbiltzaren aurkako epaiketa. ETAko kideak direla ukatu dute auzipetuek eta udal erakundea Euskal Herria eraikitzeko proiektua zela gogoratu dute. Epaimahaiaren helburua sententzia "ahal den azkarren" ematea da. Ezker abertzaleko, Aralarreko, Alternatibako, ELA, LAB, EILAS, ESK, Kontseilua, EKT eta beste hainbat erakundetako ordezkariak Madrilen izan dira gaur, Auzitegi Nazionalean, auzipetuei laguntzera joanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu