Demoak/Epaiketa

Epaiketa apurtu dute demoek, eta Poliziak bortxa handiz atera ditu epaitegitik

SNCF Frantziako tren konpainiak euskara erabil dezala aldarrikatzeko Baiona eta Hendaia arteko trenak gerarazi zituzten 63 demoen kontrako epaiketan istilu handiak izan dira. Euskaraz deklaratzen utzi ez dietenez, epaileen galdera eta aginduei kasurik egin gabe, beren epaiketa propioa egiten hasi dira demoak. Hori ikusita, auzitegia hustutzeko agindua eman dute, eta Poliziak bortxa handiz atera ditu demoak zein epaiketa jarraitzera bildutako lagunak aretotik. Halaber, kanpoan babesa agertzera bildutakoak indar handiz sakabanatu ditu Poliziak. Gainera, Domeka Zubeldia demoa zaurituta eta atxilotuta eraman dute erietxera. Tribunalak, azkenean, auzipeturik gabe egin du epaiketa, eta epaia zortzi egunen buruan jakinaraziko duela agertu du.

2004ko urtarrilaren 8a
19:39
Entzun
Arratsaldeko ordubietan hasi da Baionako Auzitegian azaroaren 8an Baiona eta Hendaia arteko trenak gerarazi zituzten 63 demoen kontrako epaiketa. SNCF Frantziako tren konpainiari euskara erabil dezan exijitzeko trenbidean mus partidak antolatu zituen Demoen mugimenduak egun hartan, eta, ondorioz, zenbait trenen ibilaldia oztopatu zuten. 63 lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Auzipetutako demoek euskalgintzako erakunde askoren eta 500 bat lagunen elkartasuna jaso dute epaitegi atarian. Besteak beste, Euskaltzaindiko, Kontseiluko, ELAko, LABeko, Oinarriak-eko, EHEko, ABko, Batasunako, EAJko, EAko, zein Segiko ordezkariek adierazi diete babesa. Hizlariekin, bertsolariekin, trikitalriekin… festa giroa nagusitu da Baionako Auzitegi atarian, harik eta arratsaldeko seiak aldera Poliziak indar handia erabiliz sakabanatu dituen arte.

Epaitegi barruan, berriz, auzipetutako 63 demoak deitu banan bana deklaratzera epaileak, baina azalpenak euskaraz ematen laga ez dietenez, tribunalaren galdera eta aginduei muzin eginez, beren epaiketa propioa egiteari ekin diote demoek. Orduan, epaileek alde egin dute, eta demoek beren asmoarekin aurrera segitu dute, harik eta arratsaldeko seiak aldera auzitegia hustutzeko agindua eman duten arte. Kolpeka, bortxa handiz, atera ditu Poliziak aretotik. Halaber, kanpoan babesa agertzera bildutakoak ere indar handiz sakabanatu dituzte.

Nolanahi ere, Demoen eta SNCF-aren arteko mus partidak luze jo du, 2001eko urtarriletik egundaino. Alabaina, demoek hastapenean egindako enbido soilari entzungor eginez ihardetsi dio SNCFk. Hastapeneko okupazio sinbolikoetatik eta informazio bilkuretatik, okupazio eta afitxaketara iragan zen. SNCFren ezezko erantzun bakoitzari ekintzen maila goratuz ihardetsi diote demoek. 2002ko martxoaren 9an 630 pertsona bildu ziren geltokian euskararen erabilpena eskatzeko. 2002ko azaroaren 7an poliziak negar gasa erabiliz bortizki hustu zuen Baionako auzitegia. Abenduaren 27an jokabide bera erabili zuten eta hainbat pertsona eraman behar izan zituzten erietxera CRSen ukaldien ondorioz. Txomin Peillen euskalzaina ere anbulantzian eraman behar izan zuten.«Euskara heriotzara kondenatzen dutenei gurekin batera hordago jotzera gonbidatzen ditugu», adierazi zuten demoek azaroaren 8rako deialdian.

Demoek Garapen Kontseiluak bultzaturiko Garapen Eskemako hizkuntz atalean oinarritzen dira SNCFari egindako eskakizunetan. Are gehiago, demoek beren ustetan berehala bidegarriak diren neurriak eskatzen dituzte: herrien izena euskaratzea geltoki tipietan, bozgorailuetako mezuak elebiduntzeko aukera aztertzea, ordutegien orriak elebidunak egitea eta harrera guneetan euskararen erabilpena berma dezakeen plangintza abian ezartzea.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako kultur, politika, gizarte eta arlo ezberdinetako eragileek dei egin dute gaurko auzian demoei sustengua adierazteko, bertzeak bertze Euskal Konfederazioa, Seaska, LAB, AEK, Euskal herrian Euskaraz, Segi, Askatasuna eta Batasunak.Euskararen normalizazioa Seaskaren funtsezko puntuetarik bat dela adierazi du Seaskak auziaren karietara. LABek SNCFaren jarrera higiezina salatu du, gaineratuz lan munduak ere euskara erabiltzeko eskubidea duela eta horretarako euskara normalizatu behar dela bai enpresen baitan, bai maila publikoan. AEKk Garapen Eskema dakar gogora, azpimarratuz SNCFn deus ez dela aldatu eta horrek demoak eta euskalzale anitz gisa horretako ekintzak antolatzera bultzatzen dituela. Euskal Herrian Euskaraz taldeak administrazioaren jokabidea salatu du.

Maiana ostu dute Hazparnen

Bertzalde, 'Berrian' jasotako dei anonimo batek atzo jakinarazi zuen Hazparneko Herriko Etxetik «Maianaren soingaina askatu dutela». Deitzaileak adierazi zuen Frantziako Errepublikaren ikurra den Maiana gaur Baionako auzitegian izanen dela, demoei sustengua ekartzera bilduko den jendearen artean. «Askatu dugun Maiana ez da nornahi, laugarren hautesbarrutiko diputatuaren herrikoa baita», nabarmendu zuen deitzaileak Jean Lassalle Hazparneko barrutiko diputatuari erreferentzia eginez.

Izan ere Hautetsien Kontseiluak Garapen Kontseiluaren eskakizunak bere egin zituen. Alabaina, hizkuntza ataleko puntuak ez dira gauzatu eta arduradun politikoak isilik egon dira. Demoek bortizkeria pairatu ondoren ere hautetsi handiek ez dute deus adierazi eta Hazparneko Maiana ebatsiz arduradun politikoen jarrera salatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.