Epaiketa bateko prozedura euskaraz egitea galarazi diote Berako Udalari

Nafarroako Justizia Auzitegiak ez du aintzat hartu udalaren eske bat, epaitegietako hizkuntza gaztelania dela azalduta

Uema Eguna ospatu zuten Beran 2009ko ekainean. GARI GARAIALDE / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Epaiketa bateko prozedura euskaraz egitea galarazi dio Nafarroako Justizia Auzitegiak Berako Udalari. Egin beharreko urrats guztiak euskarazegitea galdegin zuen udalak, baina aukera hori baztertu du epaileak, epaitegietako hizkuntza gaztelania dela argudiatuta.

Herriko etxeak berak eman du gertatutakoaren berri. Beran liburuzain lanetan aritzeko postu bat eskaini zuen Nafarroako gobernuak, baina ez zuen zehaztulanpostu hori betetzeko inolako hizkuntza eskakizunik. Udalak auzitara eraman zuen gobernuaren lan eskaintza, eta epaiketa horretan, eskatu zuen prozedura denak euskaraz egiteko. Botere Judizialaren Legearen 231. artikuluan oinarritu da Nafarroako 2. Administrazio Auzitegiko Antonio Sanchez Ibañez jujea ezezkoa emateko. Horren arabera, epaile, abokatu eta justizia alorreko langileek gaztelania erabili behar dute nahitaez, «estatuko hizkuntza ofiziala delako». Artikulu horretako bigarren paragrafoak zera dio, ordea: erkidegoetako hizkuntza koofiziala erabil daitekeela, inork kontrakoa eskatzen ez badu.

Berako alkate Jon Abrilek, baina, ziurtatu du udalak «espresuki» galdegin zuela euskaraz aritzea, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, ez zuela eskari horren gainean inolako erantzunik eman; hortaz, ezta euskaraz ez aritzeko eskatu ere. Erabakiaren aurka ezin da helegiterik jarri.

«Ezintasuna»

Epailearen jarrera txarretsi eta «justizian euskaraz aritzeko ezintasuna» kritikatu du Berako Udalak: «Lotsagarria deritzogu epaile batek horrelako erabakiak hartzeari». Salatu du epailearen erabakia «hizkuntza eskubideen kontrako neurria» dela, eta erantsi du hizkuntza eskubideak giza eskubideen parte direla: «Herritar orok dugu eskubidea gure hizkuntzan aritzeko, eta hori bermatzea dagokie administrazio guztiei».

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dela gogorarazi du Berako herriko etxeak: «Uemako udalerri bat garen neurrian, euskaraz bizitzeko ahalegin berezia egiten dugu, baina epailearen erabaki horrek agerian uzten ditu euskaraz normal funtzionatzeko dauden arazoak eta oztopoak, eta, batez ere, borondate falta». Euskaldunen eskubideak errespetatzeko eta horretarako «beharrezkoak diren urratsak» egiteko eskatu die Berako Udalak Espainiako administrazioei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.