'Epaiketa gehiagorik ez Egunkaria-ri', atxikimendu kanpaina

2014ko irailaren 15a
22:53
Entzun

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ostiralean aztertuko du Egunkaria-ren auzi ekonomikoan epaiketa egingo den ala ez. Egunkaria-ren alde elkarteak atxikimendu kanpaina hasi du, epaiketarik egin ez dadin eskatzeko. Atxikimendua emateko gunea.

"Ozen esan nahi dugu: ez zen Egunkaria auzirik inoiz izan behar, eta auziak iraun badu ere 2010ean Auzitegi Nazionalean egindako epaiarekin behin betiko bukatu behar zuen", dio elkarteak gaur plazaratu duen idatzian. Auziak "jatorrizko eragin politikoa" duela salatu du. "Ez zaigu iruditzen Demokraziaren eta Zuzenbidearen ondorioa denik Egunkaria auzia, botere exekutiboaren estrategiaren eragina baizik".

Gainera, "kaltea jada eginda" dagoela dio elkarteak, Egunkaria itxi zutelako, kazetaren itxiera kasuan epaiketa egin zelako –absoluzioa izan zen–, eta 11 urte daramatzan auziak "kalte pertsonal eta sozial larriak" eragin dituelako.

'Egunkaria'-ren alde elkartearen idatzia da

“Irailaren 19an Gipuzkoako epaileek erabaki bat hartu behar dute: Egunkaria berriz epaitu ala ez. Sorrera 2003ko Madrilgo Exekutiboan eta garapena Madrilgo Auzitegi Nazionalean izan arren, Gipuzkoako epaileei erori zaie altzora auzia. Hangoek hasitakoari hemengoek amaiera eman behar, horra hor paradoxa. Euskal gizartetik urruneko epaileek hasi, Euskal Herriko bertako gizartean txertaturiko epaileek amaiera eman behar.

Ozen esan nahi dugu: ez zen Egunkaria auzirik inoiz izan behar, eta auziak iraun badu ere 2010ean Madrilgo Auzitegi Nazionalean egindako epaiarekin behin betiko bukatu behar zuen. Jarraitu egin du ordea, eta hemen gaude. Zergatik?

Jatorrizko eragin politikoa ikusten dugu guk. Sineste osoarekin diogu. Eragin politikoa egon zen auziaren sorreran, 2003ko otsailean, antzerako beste hainbat kasutan bezala, eta eragin politikoa dakusagu orain, 2014an fiskalak berriro akusazioari eusten dionean.

Ez zaigu iruditzen Demokraziaren eta Zuzenbidearen ondorioa denik Egunkaria auzia, botere exekutiboaren estrategiaren eragina baizik.

Kaltea jada eginda dago, eta handia gainera. Euskal jendartearen memoria kolektiboan iltzatuta iraungo du Egunkaria-ren itxiera eta auziak. Kalte pertsonal eta sozial larriak egin dira jada, eta oraindik ez dira amaitu. Auzitegi Nazionalak berak absolbitu egin zituen auzipetuak, eta kalteen aitortza ere egin zuen hein batean. Ordainik ez omen da izango, ordea.

Justizia jada ezinezkotzat ematen dugu, dagoeneko legedi eta agintaritzarekin. Gaitzerdi beraz, injustiziaren sarraskia gelditzea behintzat, aurrera ez joatea, lortuko bagenu.

Nola lortu kalteari bidea moztea? Era bakarra dago: auzia dagoen horretan bertan behera utzita.

Auzipetuek ez dute merezi akusatuen aulkian eseri arazita gehiago zigortzerik, batzuek bigarrenez, ez eta absolbitzeko bada ere. Nahikoa da. Nahikoa pairatu dute. Ez gehiago luzapenik. Ez gehiago noraezik.

Epaiketa gehiagorik ez Egunkaria-ri.

Donostian, 2014ko iraila, Egunkaria-ren alde elkartea"

Egunkaria-ren itxiera kasuko auzian epaiketaren aurkako ia 21.000 atxikimendu jaso zituzten

Bihar mahai ingurua Donostian

Egunkaria, 11 urte akusatuen aulkian izenpeko mahai ingurua egingo dute bihar. Donostiako Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko aretoan izango da saioa, Mandasko Dukearen kaleko 11. zenbakian, 18:00etan. Hizlariak Iñaki Esparza EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedraduna, Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbidean katedraduna eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea izango dira.

http://www.berria.eus/albisteak/95652/egunkaria_11_urte_akusatuen_aulkian_mahai_ingurua_egingo_dute_bihar.htm

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.