Espainiako Auzitegi Nazionalaren “gehiegikeria” salatzeko elkartu dira 50 gazte Durangoko epaitegiaren aurrean. Fiskaltzak eskatuta, “desordena publikoak” eragitea leporatuta auzipetu dituzte. Gazte horien artean daude maiatzean “terrorismoa goratzeagatik” epaitutako Ernaiko zazpi kideak eta Topatu.info-ko kazetari bat —guztiak izan ziren absolbituak—. Gainontzeko auzipetuak maiatzeko epaiketan publiko gisa joan zirenak dira. Epaimahaiari bizkarra ematea eta oihu egitea leporatu die fiskaltzak.
Goizean emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, auzipetuetako batzuek deklaratu dute jada epailearen aurrean, eta beste batzuk bidean daude. Euskal Herrian izan dira zitatuak deklarazioak hartzeko, baina kasua Madrilgo Cosladako epaitegiak darama.
Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako ekintza akusatuen eserlekuan ziren zortzi kideen ekinaldia izan zela nabarmendu dute. “Sekulako astakeria iruditzen zaigu publiko gisa bertaratutako kide guztiak inputatu izana, haiek ez zutelako ekintzarekin zerikusirik”. Helburu bat markatu dute: euskal herritarren aurkako jazarpena eta errepresio politikoa amaitzea. “Desobedientzia da epaiketa politikoak amaitzeko tresna. Euskal gazteria disidente epaitu eta kikildu nahi dutenei gurekin jai dutela erakusteko tresna da desobedientzia”.