«Orain beste egoera politiko batean murgildurik gaude. Orain epaiketak gelditzea dagokigu». Expe Iriarte eta Juanje Soria Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduko kideek atzo Iruñeko kaleetan «aski da» deiadar ozena egin zuten Iruñeko kaleetan. Eleak-ek deitutako manifestazioaren amaieran irakurritako mezuan, Iriartek eta Soriak ozen aldarrikatu zuten epaiketa politikoak bertan behera utzi behar direla, eta, horregatik, euskal herritarrei dei zabala egin diete eskaera horretan presio egin dezaten: «Epaiketa hauek guztiak gelditzeko eta erakunde hauetan militatzeagatik espetxean dauden lagun guztiak askatzeko erronka luzatu nahi dizuegu».
Euskal Herri osoan bezala, arratsaldeko 17:30ean giro sargoria zegoen. Milaka herritar elkartu ziren Golem zinema aretoen parean. Manifestazioa hasi aurretik, Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek eta Bakartxo Ruizek, komunikabideen aurrean manifestazioarekiko atxikimendua azaldu, eta «ziklo politiko berri honetan» epaiketa politikoak bertan behera uzteko beharra aldarrikatu zuten.
Era berean, Joxean Agirre Eleak mugimenduko eledunak ere kazetarien aurrean azpimarratu zuen manifestazioak «izugarrizko garrantzia» duela, «berretsi egiten duelako azken hilabeteetan hainbat eragilek eskatutakoa». Manifestazioaren leloa Eskubide guztiak denontzat izan zen. Agirreren arabera, «lelo bat izatetik harago, Euskal Herriko prozesu honek egin beharreko bidea ezartzen du». Horren haritik, azken hilabeteetan pausoak ematerakoan alde bat soilik nabarmendu bada ere, haren iritziz, «beste aldea ere hasi da urratsak egiten». Horregatik, «lehen keinua ez bada ere», iragan ostegunean Patxi Lopezek presoak hurbiltzea proposatzea «bide onean» doala uste du Agirrek. Dena den, «ausardia gehiago izateko» eskatu dio.
Adierazpenok egin ostean abiatu zen manifestazioa. Lehen lerroan, pankarta nagusia zihoan, eta, ondoren, gazte mugimenduaren eta internazionalismoaren aldeko aldarriak. Hain justu ere,duela urtebete, urriaren 1ean, Pablo Ruz epailearen aginduz, Askapenako bost kide atxilotu zituen Poliziak, eta urtarrilean beste bi polizia operazio izan ziren hamar lagunen aurka. Azken urtean izan diren operazio horiek gogoan eta laster Auzitegi Nazionalean Iruñerriko hainbat gazteren aurka egitekoak diren epaiketaren harira antolatu zuen manifestazioa Eleak mugimenduak.
Babes zabala jaso zuen atzo Iruñeko kaleetan. Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruizez gain, bertan ziren, besteak beste, ezker abertzaleko Tasio Erkizia eta Txelui Moreno eta Aralarreko Txentxo Jimenez. Gainera, beste hainbat ordezkari politikok eta gizarte eragilek babesa agertu diote aurretik deialdiari: Juan Carlos Longas Nafarroa Baikoa, Juan Antonio Urbiola EAJren Napar Buru Batzarreko presidente ohia,Xabier Barber ESK-koa, Josu Goñi CCOOko ordezkaria, Eduardo Lakasta EILASeko kidea, Ana Elvira Lokarriko kidea...
Giro lasaian egin zuen aurrera. Venezuelako, Kubako, Palestinako eta Bretainiako banderak ikusi ziren, eta manifestazioaren gibelean, gazte talde batek musikarekin girotu zuen protesta. Bitxikerien artean, La Sexta telebista kateko Jordi Evole kazetaria bertan izan zen manifestazioko irudiak grabatzen.
Mugimendu erraldoia
Amaieran, Sarasate pasealekuan Expe Iriartek eta Juanje Soriak gogora ekarri zuten azaroaren 2an bederatzi gazteren aurkako epaiketa hasiko dela Auzitegi Nazionalean eta urrian Iruñerriko beste 11 gazteren aurka egitekoa zen epaiketa atzeratu bada ere laster egingo dela. Gainera, Bateragune auzia ere gogorarazi zuten, bai eta Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak euroagindu bati aurre egin behar diola ere. Eleak-ekoek ohartarazi zuten azken urteetako atxiloketen ondorioz beren militantzia politikoagatik ehun nafar inguru daudela auziperaturik eta horietatik 34 egun espetxean direla.
Iriartek azaldu zuen «herri mugimendu erraldoi» bat sortu beharra dagoela estatua pausoak ematera behartzeko. «Estatuak bermatu behar du guztion eskubideak bermatuak izan daitezela», adierazi zuen.
Epaiketa politikoak bertan behera uzteko eskatu dute Iruñean
Eleak mugimenduak manifestazioan azpimarratu du epaiketei «aski da» esateko ordua dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu