Epaiketa politikoak betiko amaitu daitezela eskatu du Eleak taldeak

Ostiralean ekitaldia egingo du Bilbon, D3M eta Askatasunaren aurka abiatzear den epaiketa salatzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
2009an Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeetan parte hartu nahi izateagatik, hamahiru herritar epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak apirilaren 30etik aurrera. Guztira 109 urteko zigor eskaera dutela joango dira Madrilera. Zazpi eta bederatzi urteko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak, D3M plataformaren eta Askatasuna alderdiaren bidez bozetan parte hartzen saiatzeagatik ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea egotzita. Epaiketa politikoak amaitzea premiazkoa dela ohartarazi, eta bide horretan indarrak biltzeko deia egin dute bai Eleak mugimenduak, bai auzipetuek.

Elkarrekin egin dute agerraldia Eleak taldeko ordezkariek eta auzipetuek. Horiekin egon dira, era berean, «eskubide zibil eta politikoen urraketan» oinarrituta, bai beste auzi politiko batzuengatik epaitu zain dauden herritarrak, bai azkenaldian polizien jazarpena pairatzen ari diren gazteak. Haritz Petralanda Eleak taldeko kideak azaldu duenez, horien egoerak erakusten du indarrean jarraitzen dutela «dena da ETA teoriak eta horren ondorioek». «Euskal Herriak bake eta normalizazio egoera baten aldeko apustu garbia egin duen honetan, ezin dugu onartu orain ere horrelakoak gertatzea», adierazi du.

Era berean, azaldu du lanean jarraituko dutela «errepresioa eta eskubide zibil eta politikoen urraketak bukatu» eta konponbidearen aldeko urratsak egiteko. «Denon bultzada» eskatu du hartarako. Eta, D3M eta Askatasunaren epaiketa salatzeko, ekitaldi bat antolatu du ostiralerako. Bilboko Plaza Barrian egingo du, 19:30ean, Eskubide guztiak guztiontzat lelopean. Arantza Urkaregik ere, «epaiketa politiko gehiagorik» ezin dela onartu adierazi, eta «egoera itxaropentsu hau» ez dutela zapuztuko ohartarazi du auzipetuen izenean.

Gaur, Arartekoarengana

Egoeraren berri eman eta neurriak har ditzala eskatzeko, Arartekoarekin bilduko dira gaur Eleak-eko kide bat, D3Mren auzian epaituko duten bat eta polizien jazarpena jasaten ari den gazte bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.