Roberto Ramos Gasteizko Instrukzio arloko 4. zenbakiko epaileak bukatu du De Miguel auziari dagokion ikerketa, eta, gaur goizean kaleratutako autoan jasotzen duenez, 26 pertsona inputatu ditu, tartean, Arabako EAJko hainbat goi kargudun ohi. Orotara, 11 delitu leporatzen dizkie: besteak beste, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea.
183 orrikoa da autoa, eta Alfredo de Miguel Arabako Buru Batzarreko kide ohia eta foru diputatu ohia ez ezik, honako hauek ere inputatu ditu epaileak, besteak beste: Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Arabako EAJko kide ohiak; Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez Robles, Juan Jose Ibarretxeren gobernuko kide ohiak; Julian Sanchez Algeria eta Alfonso Arriola EAEko teknologia parkeen sareko buruzagi ohiak eta Iñaki San Juan Leioako EAJko zinegotzi ohia.
Inputatuen zerrenda emateaz gain, epaileak jakinarazi du artxibatu egiten duela Asier Arzalluzen eta Pablo Jesu Larrabideren aurkako auzia.
Auzi luzea
Eusko Legebiltzarrak ere ikertu zuen De Miguel auzia: Legebiltzarreko ikerketa batzordea hemezortzi hilabetez aritu zen lanean, eta guztira 60 bat lagunen lekukotasunak jaso zituen. Auziaren lau adar ikertu zituen: Araban izandako ustezko kontratu irregularrak (Kultura Sailean eta Miñaoko parkean), lurzoru kalifikazioak eta PSE-EEko eta PPko hainbat karguduni ustez egindako espioitza kasuak.
EAJko zenbait kardugun ohiri erantzukizun politikoa izatea leporatu zien Eusko Legebiltzarrak. EAJk ez gainerako legebiltzar taldeek bat egin zuten De Miguel auzia ikertu duen lantaldearen ebazpenarekin.
Duela bost urte, De Miguel atxilotu egin zuen Ertzaintzak. EAJko politikariaz gain, beste zazpi lagun atzeman zituen; denak libre geratu ziren gauean. Biharamunean eman zuen dimisioa diputatu jeltzaleak.