Epaileak 35 urteko zigorra ezarri dio guztira Yasmin Rodriguez hil zuenari

Akusazioak 40 urtetik gorako zigorra eskatu zuen, eta Rafaela Romero «atsekabetuta» azaldu da erabakiarekin

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako lurralde auzitegiak 35 urteko eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Yasmin Rodriguezen hiltzaileari,Edward Enrique San Clementeri. Hain zuzen, epaileak, erailketa egotzita, hemezortzi urte eta sei hilabetera zigortu du San Clemente; Juan Pablo Urtizberea hiltzen saiatzeagatik, beste hamar urtera; Rodriguezi sarritan mehatxu egiteagatik, urte bat eta hiru hilabetera; andrearen askatasunaren aurkako delituengatik, bi urte eta lau hilabetera; eta ausarkeriaz gidatu eta Rodriguezekin zihoan emakumeari lesioak eragiteagatik, hiru urte eta sei hilabetera. Gainera, 35.000 euro ordaindu beharko dizkio San Clementek Urtizbereari, eta 13.000 euro hildakoaren alabari.

Akusazioko abokatuek eskatutakoa baino zigor txikiagoa jaso du San Clementek; 40 urtetik gorako espetxealdia eskatzen zuten akusatuarentzat. Rodriguez erailtzea eta Urtizberea erailtzen ahalegintzea egotzi zion zinpeko epaimahaiak, eta erabaki horren araberako zigorrak ezarri ditu epaileak. Rodriguezen kasuan, epaileak ebatzi du ez dagoela «inolako zalantzarik» San Clementek andrea hiltzeko borondatea zuela; gainera, zigorra gogortu dio hiltzaileari, hura eta biktima senar-emazteak zirelako. Aldiz, Urtizberearen kasuan, erailtzen ahalegintzeagatik ezarri beharreko zigorretan txikiena jarri dio epaileak San Clementeri, akusazioak ez baitzuen epaiketan inguruabar astungarririk aintzat hartzeko arrazoirik eman.

Gertatutakoaren inguruko zalantzarik ez zen izan epaiketan, Rodriguez hil zuen gauean bertan aitortu baitzien eginikoa San Clementek ertzainei. Aitorpena berretsi zuen epaiketan, baina gau hartan eginikoaz ez zela ezertaz oroitzen adierazi zion epaimahaiari.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek akusazio gisa jardun zuten epaiketan; Rodriguez hil zuten garaian Batzar Nagusietako presidente zena, Rafaela Romero, atsekabetuta agertu da epaiarekin. Rodriguezen sendiak justizia jaso duela azaldu du Romerok, eta «justizia izan ez zuten emakumeak» gogoratu ditu. Hain zuzen, Nagore Laffageren kasua ekarri du gogora.

2009ko maiatzaren 8ko gauean hil zuen San Clementek Rodriguez, Irunen (Gipuzkoa). Lankideekin afaltzen izan zen andrea, eta, etxera autoan itzultzen ari zela, atzetik segika hasi zitzaion San Clemente. Istripu bat eragin zuen gizonak, emakumearen autoa geldiarazteko. Rodriguez ibilgailutik atera zenean, labana batekin eraso zion San Clementek. Istripu soila zelakoan, gerturatu egin zen Urtizberea, laguntzeko asmoz. Hari ere oldartu zitzaion, ordea, San Clemente. Zauri larriak eragin zizkion, eta egunak egin zituen hil edo bizi. Epaiketan, Urtizbereak esan zuen ez dela «lehengo bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.