Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) ‘Hitza eta erabakia, askatasunez’ lelopean biharko Donostiako Belodromoan antolatua zeukan ekitaldi politikoa debekatu egin du Ismael Moreno Espainiako Auzitegiko Nazionaleko epaileak, haren ustez "atzean" Askatasuna dagoelako, legez kanpo joa duten erakundea. Morenok Espainiako segurtasun indarrei dei egin die ekitaldia eragozteko, baina antolatzaileek, erabakia jakin eta gero, deialdiari eutsi egin diote eta jendeari Belodromora joateko eskatu diote.
Atzo epaileak Espainiako segurtasun indarrei, “premiaz”, ekitaldiari buruzko informazioa eskatu zien. AVT elkarteak ekitaldia debekatzeko kereila aurkeztu zuen duela egun batzuk. Epailea antolatzaileak zein izan diren aztertzen aritu da eta Batasuna eta Askatasuna legez kanpoko erakundeekin harremanik ba ote duten. Gaur, berriz, Morenori ekitaldia debekatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Carlos Miguel Bautistak. Epaileak debekatzea erabaki du.
Polizi indarrek ekitaldiaz egindako txostenean ageri denez, Belodromoa Maria Arantzazu Bereziartua izeneko batek alokatu du, Behatokia erakundearen izenean -legezkoa-. "baina Askatasuna legez kanpoko erakundea da atzetik dagoena. Deialdia jende jakin batek egin du, prentsaurrekoan". Juan Mari Olano, Julen Larrinaga, Unai Romano eta Ibon Meñikaren izenak idatzi dituzte "jende jakin bat" aipatzean, "eta horiek Askatasuneko eta Segiko kideak izan dira".
AAMko ordezkariek gaur arratsaldean -epailearen erabaki horren aurretik- eman duten prentsaurrekoan esan dute ez zutela horrelako erabakia aurreikusten eta ekitaldia egingo dutela. "Gu proposamen politiko bat egitera goaz bihar", esan dute. AAMko hogei bat lagun izan dira gaurko agerraldian; Madril, Katalunia, Galizia, Belgika, Italia, Venezuela eta Ameriketako Estatu Batuetako jendea zegoen bertan, "gatazkarekin kezka duten lagunak".
Baltasar Garzon epailea oporretan dago eta egun hauetan haren lanak egiten ari da Moreno.
AAMk abenduaren 6an aurkeztu zuen ekitaldia. Orduan esan zuenez, “une delikatuan” zegoen euskal gatazka amaitzeko prozesua. “Ez da ez Frantziako ez Espainiako gobernuen interesen zordun. Herritarren indarra dauka arnasa eta herritarren borondatea izan behar du muga bakarra”. Hala, "konponbidean pauso sendoak emateko proposamena” egingo zuela zioen AAMk. Haren iritziz, konpobindea “gatazkaren jatorrizko arrazoiak gaindituz eta bere ondorioak berrezarriz etorriko da”. “Ezinbestekoa” da alde guztiek “autodeterminazio eskubidea” errespetatzea. Lurraldetasuna eta amnistia ere “funtsezko osagaiak” dira gatazka gainditzeko eta “prozesu demokratikoa azken bururaino eramateko”.
Politika
Epaileak AAMren Belodromoko ekitaldia debekatu egin du baina antolatzaileek eutsi egin diote deialdiari
Auzitegi Nazionaleko Moreno epaileak dio "atzean" Askatasuna dagoela. Gaur Bautista fiskalak debekuaren eskaera egin dio. Morenok segurtasun indarrei dei egin die ekitaldia eragozteko, baina antolatzaileek deialdiari eutsi egin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu