Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baztertu egin du Voces contra el Terrorismo elkarteak Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen aurka jarri zuen kereila tramitera bideratzea, honek ETAren balizko bukaeraz egindako adierazpenak "zilegi" direlako.
Daniel Campos Auzitegi Nazionaleko fiskala ere atzo eskaeraren kontra agertu zen, Egigurenek ETAren amaiera nahi duela iritzita. Gainera, fiskalak gogoratu zuen Auzitegi Gorenaren epai baten arabera Espainiako Gobernuak "bizikidetza sozial ordenatua lortzeko elkarrizketak" izatea ezin dela kriminalizatu.
Francisco Jose Alcaraz Voces contra el Terrorismoko presidenteak ETAri laguntzea eta biktimak mespretxatzea egotzi zion PSEko buruari, honek laSextan egindako adierazpenak baliatuz. "Egigurenek inola ere ez zuen terrorismoa goretsi", dio Ruz epaileak autoan, "eta biktimen mespretxurik ere ez da ageri". AVTko buru izandakoa da Alcaraz.
Duela bederatzi egun laSexta telebista kateko Salvados programan Egigurenek aitortu zuen aurreko bake prozesuan ETArekin izandako elkarrizketetan Josu Urrutikoetxea ezagutzera heldu zela eta elkarrekin-eta bazkaldu izan zutela. Ez zuen esan, ordea, laguna duenik, batzuek leporatu duen bezala.
PSEko buruak laSextan esandako batzuek polemika handia piztu dute (saioa osorik hemen). "Euskal legealdi honetan bukatuko da [ETAren] indarkeria", "hemen ez dago besterik, ez da beste prozesurik izango. Abenduan hitz egingo dugu; orduan emango du ETAk su-eten egiaztagarria, ezker abertzaleak alderdia sortzeko estatutuak aurkeztuko ditu...", "lurrikara gertatzen ari da ezker abertzalean, eta Batasunak erabakita du politika baino ez egitea. Barne eztabaidaren ondoren Batasunak agintzen du eta ez ETAk" edota "Euskadin bizikidetza lortzea nolabait errazago izango da" esan zuen Salvados saioan.
PPk hura PSEko presidente kargutik kentzeko eskatu dio PSOEri. El Mundo egunkariak ere bai.
poliTIKA
Epaileak baztertu egin du Egigurenen aurkako kereila
Voces contra el Terrorismok PSEko presidenteari ETAri laguntzea eta biktimak mespretxatzea leporatu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu