Donostiako epaitegi batek behin-behinean debekatu ditu gaur eta urriaren 2 eta 3an Oñatiko jaietan (Gipuzkoa) euskal presoen eskubideen alde egitekoak ziren hiru ekitaldi. Epaileak Estatuaren abokatuaren eskaerari eman dio bide debekua agintzeko.
Epaiaren arabera, udalak "neutraltasun politikoa" izan behar du, eta presoen aldeko ekitaldiak jaietako egitarauan azaltzen direnez, "urratu" egiten du neutraltasun hori.
Sorturen iritziz, erabaki oso larria da epaileak hartu duena, "oinarrizko eskubideak, hala nola adierazpen askatasuna eta manifestazio eskubidea, urratzen ditu".
Urkijoren ekimena
Hain zuzen, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak Estatuaren abokatuari eskatu zion helegitea aurkez zezala, bertan behera utz zitzaten presoen eskubideen aldeko bazkari bat, elkarretaratze bat eta ekitaldi bat.
Oñatiko Udalaren jaietako egitarauan ageri dira ekitaldiak, eta, Urkijoren esanetan, "Espainiako Konstituzioak administrazio publikoei eskatzen dien objektibotasun printzipioa urratzea" da hori. Urkijoren arabera, jarduera horiek Terrorismoaren Biktimen Aitortza eta Babeserako Legearen aurkakoak dira.
"ETA erakunde terroristako presoen aldeko ekitaldiak antolatzen dituzten udalen jarioak jarraitzen duen bitartean, ez gara geldituko terrorismoaren biktimen duintasuna defendatzeko borondatean", adierazi zuen.