giZARTEA

Epaileak espetxean sartu du Zarautzen hildako haurraren aita

Homizidioa egotzi dio 41 urteko gizonezkoari, baina kasua sekretupean du. Iturriaga Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak esan duenez, gizona "bertsioak aldatzen joan da, kontaketa nahasiak egin ditu eta ez sinesgarriak".

2010eko urriaren 11
20:24
Entzun
Ostegun goizean Zarautzen hilotz aurkitu zuten urte eta erdiko neskatoaren aita (41 urte) gaur eraman dute epailearen aurrera, homizidioa egotzita, ia sei orduz aritu da deklaratzen, eta epaileak baldintzarik gabe kartzelara bidali du. Donostiako Martutene espetxean sartu dute. Epaileak, dena dela, kasua sekretupean dauka. Ondorioz, oraindik ez dute jakinarazi homizidio gradua; hau da, homizidioa axolagabekeriagatik leporatzen dioten edo haurra nahita hil zuen.

Gizona ostegunean atxilotu zuten, eta hala eraman dute gaur Azpeitiko Epaitegira. Rafael Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak esan duenez, gizona "bertsioak aldatzen joan da, kontaketa nahasiak egin ditu eta ez sinesgarriak". Iturriagak berak larunbatean zioenez, gorpuak ez du indarkeria zantzurik eta, lehen ikerketen arabera, itota hil zen.

Umearen hilotza agertu eta lasterrera atxilotu zuten gizona, gertakari horren aitzinetik hura bilatzeko agindua zuelako neskatoaren amaren aurkako indarkeria auziengatik.

Haurrari ostiralean eman zioten lurra, Zarauzko hilerrian. Ama bertan izan zen, lur jota, eta Gipuzkoako Diputazioko eta Zarauzko Udaleko teknikarien laguntza jaso zuen.

Hilotza ostegunean aurkitu zuten Zarauzko moilatik gertu, 09:00etan. 05:20 inguruan aitak Ertzaintzari hots egin zion, umearen desagertzearen berri emateko. Herrizaingo Sailaren arabera, gizonezkoak ertzainei kontatu zien alabarekin batera bizi ziren txabola atarian lo zegoela, eta esnatzean ohartu zela umea falta zela.

Uztailaren 17an umearekin alde egin zuen gizonezkoak, baina hurrengo egunean Galdakaon atxilotu zuten udaltzainek. Aita bilatzeko agindua joan den abuztutik zegoen indarrean, epaiketa batera agertu ez zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.