Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidali du Imanol Gonzalez Pardo, aurtengo martxoaren 29ko greba orokorrean autobus baten azpialdean etxean egindako lehergailu bat jarri izana egotzita. Asteartean atxilotu zuten Gonzalez, ertzainek, Balmasedan.
Ruzek "kalte terroristak" eragitea leporatu dio, baita lehergaiak edukitzea ere. Fiskaltzak "erakunde terroristako" kide izatea ere egotzi dio, baina epaileak ez du aintzat hartu eskaera. Gonzalezek ez du epailearen aurrean deklaratu.
Asteartean hainbat gaztek agerraldia egin zuten atxiloketa salatzeko, eta jakinarazi zuten hilabeteak daramatzatela hausnarketan eta eztabaidan, "herri honetako gazteriari eskaintza politiko bat egiteko". Gonzalezek ere lan horretan parte hartu duela zioten. "Atxiloketa politikoa izan da, heltzear den gazte ekimena indargabetzeko helburua duena".