Baldintzarik gabe espetxera bidali dute iragan igande goizaldean Valtierran (Nafarroa) gazte bat hil zuen gizona. Atxiloaldia amaituta, atzo arratsaldean eraman zuten hiltzailea epailearen aurrera, Tuterako Auzitegira; ez zuen deklaratu nahi izan. Atzo arratsean eman zuen erabakiaren berri epaileak. Gaztea hil izana leporatu dio. 23 urte zituen.
Igande goizaldean hil zuten gaztea, Valtierrako taberna baten ondoan. Lehen ikerketen arabera, eztabaida izan zuten bi gizonek, hildakoak eta hiltzaileak; lehenago ere izana zuten ika-mikaren bat. Igandean, ordea, eztabaida izan eta gero etxera joan zen hiltzailea, eta eskopeta batekin itzuli zen plazara; tiro egin zion 23 urteko gazteari. Han bertan zendu zen. Jende gehiago bazen plazan, parrandan. Hiltzaileak alde egin zuen leku hartatik, baina handik gutxira bere burua aurkeztu zuen polizia etxean; hilketa aitortu zuen. Valtierrako Udalak presazko bilkura egin zuen igandean bertan, eta doluminak adierazi zizkien hildakoaren senideei eta lagunei.
Epaileak kartzelara igorri du Valtierran gazte bat tiroka hil zuen gizona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu