Epaileak ontzat jo du Hernaniko Udaleko presoen batzorde informatzailea

Udalak 2007an sorturiko batzordea bertan behera uzteko eskatu zuen Estatuaren abokatuak

Erredakzioa
Donostia
2010eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) sortutako presoen batzorde informatzailea ontzat jo du Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 2. epaitegiak. Hala, atzera bota du batzordea ezeztatzeko Estatuaren abokatuak eginiko eskaera.

Estatuaren abokatuaren arabera, akordioaren hainbat gai formalek 2007ko uztailaren 12an onartutako batzordearen ezeztatzea ekarri behar zuten. Neutraltasunaren eta objektibotasunaren printzipioak urratzen zituela ere argudiatzen zuen Fiskaltzak. Berdintasun printzipioaren aurka egiten zuela ere bazioen Estatuaren abokatuak. Haren arabera, batzordearen «funtzio bakarra» Hernaniko «ETAko presoekin lotura» zuten gaiak aztertzea zen.

Epaileak banan-banan errefusatu ditu argudio horiek, eta Udaleko batzorde informatzailearen sorrera «zuzenbidearekin bat» datorrela ondorioztatu du. Epaiak dio batzordearen funtzioa «Hernaniko preso politiko eta sozialei buruzko informazioa biltzea» dela.

Sortu zenetik, «lanean» aritu da batzordea, epaileak ez baitzuen behin-behineko neurririk ezarri. Beraz, Hernaniko Udalak BERRIAri jakinarazi dionez, epaiak «ez du eraginik izango». Ez behintzat praktikan. «Balio sinboliko-morala» izan du epaiak, «batzordearen lana berretsi baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.