Jon Anza

Epaileak ukatu egin du Anzaren auzian Frantziak erantzukizunik izan duela

Ez diete kalte-ordainik emanen senideei. Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu duenez, gibelera bota dituzte haiek egindako "eskaera guziak". Epaileak irregulartasun batzuk daudela onartu du, baina, haren ustez, ez dira "falta larriak".

Egun osoko elkarretaratzea egin zuten Donostian apirilaren 1ean, Parisen Anza zenaren senideek helegitea aurkeztu zutela-eta. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
maddi ane txoperena iribarren
2015eko maiatzaren 14a
10:36
Entzun

Parisko Auzitegiko epailearen ustez, Frantziako Gobernuak ez du inolako erantzukizunik izan Jon Anzaren desagerpen eta heriotzean izandako "irregulartasunetan". Alde batetik, senideek salatzen zituzten "disfuntzio" batzuk akatsak ez direla ebatzi du. Eta bestalde, irregulartasun batzuk egon badaudela onartu arren, adierazi du ez direla akats "larriak". Estatuak ez luke, beraz, horrekin loturarik.

Joan den apirilaren 1ean egin zuten Jon Anzaren auzian Frantziako Gobernuak izandako erantzukizuna agerian uzteari buruzko epaiketa Parisen, senideek eskatuta. "Haserre" daude epaileak hartutako erabakiagatik. Helegitea jar dezakete, baina oraindik ez dute erabaki hala eginen duten edo ez.

50.000 euroko kalte ordaina eskatua zuten hiru seniderentzat, baina hori ere gibelera bota du epaileak. Epaiketa garaian fiskalak ere onartu zuen "akats larriak" egon zirela Anzaren desagerpenari buruzko ikerketan, baina epaileak ez du halakorik ebatzi.

Idatziak, batzuetan

Epaileak ez die sinesgarritasunik eman senideen abokatuak agerian utzitako irregulartasunei. Adibidez, Anza Okzitaniako Tolosara zihoanik ezin dela frogatu erran du, eta, beraz, ez zegoela ikerketa abiatzeko arrazoirik. Paulus Basurkok, ordea, azaldu du familiak errana zuela Tolosara zihoala, eta ETAk ere agiri baten bidez azaldu zuen harekin hitzordua zuela. Anzaren sakelan zegoen Baiona-Tolosa treneko txartela ere ez du pisuzko arrazoitzat hartu.

Senideen abokatuak salatu zuen, bertzalde, inguruko ospitale guzietara deitu zutela Baionatik, eta guziek erantzun zietela idatziz Anza bertan ez zegoela. Tolosako Purpan ospitaletik, ordea, ez zieten idatziz erantzun. Eta justuki, han zegoen Anzaren gorpua. Epailearen iritziz, ez zen beharrezkoa idatziz erantzutea, eta hala eginda ere, ebatzi du ez ospitaleak ez zuela aski elementurik Anza identifikatzeko.

Akats larririk ez

"Disfuntzio" bakarra onartu du epaileak: Purpan erietxeak Tolosako prokuradoreari identifikatu gabeko pertsona bat zuela jakinarazi, eta prokuradoreak ikerketarik abiatu ez izana. Hala ere, ez du "falta larritzat" jo.

2009ko apirilaren 18an Baionako tren geltokian utzi zuen haren neska-lagunak Jon Anza, eta 2010eko maiatzean salatu zuten desagertua zela. 2010eko martxoan agertu zen gorpua, Tolosako Purpan erietxean. Epaileak ebatzi zuen heriotza naturala izan zela, auzian "irregulartasunak" zeudela erran arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.